Eguenean hasiko da GetxoBono kanpaina

Erredakzioa 2024ko mar. 11a, 14:21

Martxoaren 14tik aurrera, 16.070 deskontu-bonu trukatu ahal izango dira Getxoko askotariko saltokietan. Oraingoan, baina, ostalaritza-establezimenduek ez dute GetxoBono ekimenean parte hartuko eta saltoki bakoitzak 1.000 euroko muga izango du.

Martxoaren 14an jarriko du martxan Udalak GetxoBono kanpaina. Aurten, ostalaritzak ez du parte hartuko, eta ile-apaindegiek eta estetika-zentroek ez dituzte beren bonuak zerbitzuakaz trukatu; farmaziek ez dituzte sendagaiak trukatuko eta estankoetan ez da tabakoa erosteko aplikatuko, besteak beste.

Gainerako baldintzak mantendu egin dira aurreko edizioarekiko:

  • Pertsona bakoitzak  5 euroko  hiru deskontu-bonu eta 10 euroko hiru deskontu-bonu erabil ditzake gehienez.
  • Deskontu-bonuak zuzenean aplikatuko dira erosketaren unean atxikitako establezimenduetan. Ez dira aldez aurretik erosi beharko.
  • 5 euroko deskontu-bonua aplikatu ahal izango da 20 eurotik gorako erosketetan eta zenbateko horren multiploetan, eta 10 euroko deskontu-bonua 40 eurotik gorako erosketetan edo multiploetan.
  • Erosketa bakoitzean 4 bonu metatu ahal izango dira gehienez (adibidez: 80 euroko erosketa batean 10 euroko 2 deskontu-bonu edo 5 euroko deskontuko 4 bonu aplika daitezke).
  • Saltokiek ez dute inoiz eskudirurik itzuliko; beraz, erosketetan adierazitako gutxieneko zenbatekoak gainditu behar dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun