Arduradunek azaldu dutenez, laguntzak 2024an garatuko diren elkarteen ohiko jarduera-programa osatzen duten ekintzak babestu eta bultzatzeko dira. Getxoko udalerrian egoitza soziala duten irabazi asmorik gabeko kultura-elkarteek parte hartu ahal izango dute deialdi honetan, "baldin eta Getxoko Erakundeen Udal Erregistroan eta Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan inskribatuta badaude".
Eskabideak apirilaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira eta, horiek, Kultura Etxeko teknikariek balioetsiko dituzte, irizpide hauen arabera: kultura-proiektuen kalitatea eta interesa udalerriari dagokionez, proiektu horien bideragarritasun ekonomikoa, euskararen erabilera, berdintasuna, kulturartekotasuna eta integrazio soziokulturala, besteak beste.
Deialdiaren ebazpena eskabideak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabetera jakinaraziko dute. Hautatutako elkarteek aurkeztutako proiektuak gauzatzeko betebeharra izango dute. Proiektu horiek jarduera justifikatzeko memoria eta jarduera horren diru-sarreren eta gastuen balantze baten bitartez zehaztu beharko dira. 36.000 euroko edo gehiagoko diru-laguntzen kasuan, sortutako gastu guztien jatorrizko egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Zenbateko horretatik beherako diru-laguntzen kasuan, jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatu bat ere aurkeztu beharko da. Nolanahi ere, gastuen justifikazioa aurkeztu beharko da, emandako laguntzaren % 10ekoa gutxienez. Agiri horiek aurkezteko epea 2025eko urtarrilaren 31n amaituko da.
Formakuntza-saioak
Plataforma elektronikoaren bidez izena emateko prozesua errazteko, Kultur Etxeak lau formakuntza-saio antolatuko ditu martxoaren 18an, 20an, 25ean eta 26an Itzubaltzeta/Romoko eta Algortako kultur etxeetan. Horietan eskabideak aurkezteko prozedura zehaztuko da eta zalantzak argituko dira. Bertaratzeko, beharrezkoa izango da 944 660 022 telefonora deitzea.