Getxoko EH Bilduk zabaldu duenez, Udalak 2.000 euro erabili ditu "kafetegi-zerbitzuetan", zehazki, legegintzaldi-plana osatzeko saioetarako kafeak eta bazkariak ordaintzeko. Bilera horietan gobernu-taldea osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdiko kideek parte hartu zuten eta, koalizio abertzalearen ustez, gastuok ez dute justifikaziorik: "Gobernu-taldearen barne-bilerak dira, getxoztarrek ez dute zertan ordaindu kafetegiak edo zinegotzien bazkaria bileretan. Bere lanorduen parte da; beste edozein langilek bezala, amuarraina etxetik eraman behar dute, eta ez denon artean ordaindu".
Gastuon harira galdetuta, Getxoko Udalak azaldu du legegintzaldi-plana osatzeko bilera ezberdinetara lotutakoak direla, eta horietan 12 eta 18 pertsonak parte hartu zutela, EAJ, PSE-EE eta Udaleko pertsonal teknikoa barne; udal-arduradunek ez dute bestelako argibiderik eman.
Kontratu txikia joan den urrikoa da, eta honelaxe justifikatuta dago gastua: "Lansaio trinko batzuek kafea hartzeko atsedena behar dute, eta, beste saio batzuk arratsaldez antolatu direnez, otorduak behar dituzte. Denbora ahalik eta gehien aprobetxatzeko asmoz erabaki da atseden momentu horiek bilerak antolatzen diren aretoan bertan antolatzea". EH Bilduren ustez, "bitxia" da hori izatea arrazoia diru publikoaren gastua justifikatzeko: "Bazkaria eta kafeak eskatu ditzakete baina euren poltsikotik ordainduta. Are gehiago Getxoko zinegotzien eta aholkularien soldata astronomikoak kontuan hartuta: Gobernu Batzordeko zinegotzien urteko ordainsaria 75.301eurokoa da, hau da, hilabetean 6.275,13 eurokoa".
Egoera honen aurrean, gobernu-taldeko kide gisa, HIRUKA Carmen Diaz PSE-EEko bozeramaile eta alkateordeagaz ere jarri da harremanetan, eta horrek baieztatu du legegintzaldi-plana osatzeko hainbat bileratan parte hartu zuela talde sozialistak. Dioenez, horietako batean Kudeaketa Sailak catering bat kontratatu zuen, "oso sinplea, kafe, ur-botila eta pintxo batzuekin". Ildo horretan, azpimarratu du bilera horretara eroandakoak "inolaz ere ez zirela 2.000 eurora iristen", eta, hori dela eta, uste du sozialistek parte hartu ez zuten beste bileretan ere mota horretako gastuak egon direla.
Ildo horretan, Diazek azaldu du legegintzaldi-plana osatzeko bilerak "instituzionaltzat" jo daitezkeela eta, hori dela eta, Udalak ordaindu egiten dituela luntxak halakoetan. Hala ere, azpimarratu du ohiko jarduneko zereginetako bilerak direnean, eurek ordaindu behar dituztela otorduak, "etxetik eramanda edo kanpoan erosita".
Bien bitartean, EH Bilduk iragarri du kontratu txiki hori salatuko duela dagokion batzordean, eta getxoztar guztien diruagaz berriro antzeko kontraturik ez egiteko eskatuko dio gobernu-taldeari.