Getxoko Udalak onartu ditu euskara sustatzen jarduten duten elkarteentzako urteroko diru-laguntzak

Nahia Martinez Gondra 2024ko mar. 25a, 09:40
Elkarteen jarduerak Erabilera Sustatzeko Ekintza Planagaz bat datoz.

Euskara sustatzen jarduten duten elkarteek Getxoko Udaleko diru-laguntzak jasoko dituzte beren jarduerak Erabilera Sustatzeko Ekintza Planagaz bat datozelako. Hain zuzen ere, Bizarra Lepoan Euskara Elkarteak 86.940 euro jasoko ditu, HIRUKA kooperatibak 67.832 euro, ALBEk 54.600 euro eta Egizu elkarteak 44.100 euro.

Bizarra Lepoan 

Bizarra Lepoan Euskara Elkarteak jasoko duen diru kopurua Gehitu Kultura eta Gehitu Kirola egitasmoen jarraipen eta dinamizazio lanak egiteko izango da, baita BAPIRUKE egitasmoaren barruan aisialdiko jarduerak (udalekuak Gabonetan, Aste Santuan eta udan) antolatzeko ere. 

HIRUKA

HIRUKA kooperatibak diru-laguntza jasoko du aldizkaria eta atari digitala argitaratzeko gastuetan laguntzeko. Uribe Kostako 100.000tik gora euskalduni zerbitzua ematen dienak urtean 12 zenbaki argitaratzen jarraituko du, bakoitzeko 5.000 alegaz, eta horietatik 2.500 Getxon banatzen dira. 

ALBE

Ohi bezala, ALBE, Algortako Bertso Eskolaren aldeko diru-laguntza bertsolaritza sustatzeko eta bertso jaialdiak antolatzeko izango da, horien artean, Bertso-Jaialdi Mundiala, bertso afariak, Balkoitik Balkoira, Hitzaren Dantza, ALBE gala eta Bertso Eskola izango dira. 

Egizu

Egizu elkartearentzako laguntza getxoztarren artean euskara sustatzeko jardueren gastuei aurre egiten laguntzeko izango da, hala nola, Berbalaguna eta kultur ekintza osagarriak, Gurasolaguna, Kirola euskaraz!, Litetaratura&Sorkuntza eta Beharsarea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun