Stacey Kent, Bill Frisell eta James Carter musikariek Getxoko Jazzaldian egongo direla baieztatu dute

Erredakzioa 2024ko mar. 29a, 09:00

James Carter saxofoilari entzutetsuak ireiko du jaialdia uztailaren 3an. © KULTUR ETXEA

Getxoko 47. Nazioarteko Jazzaldia forma hartzen hasi da eta daborduko itxi dituzte ordainezko kontzertuetan arituko diren artista batzuk: Stacey Kent abeslaria, Bill Frisell gitarrista eta James Carter saxofoi jotzailea izan dira lehenak. Uztailaren 3tik 7ra, Muxikebarrin egingo dira izen handien saioak, aurretik, Talde Lehiaketako bandak ere arituko dira. Sarrerak apirilaren 15ean hasita egongo dira salgai Kultur Etxeko ohiko saltokietan, bonuakaz batera.

James Carterrek (1969, Detroit) irekiko du aurtengo jaialdia uztailaren 3an. Saxofoi-jotzaile estatubatuarrak merezitako ospea lortu zuen Billie Holiday, Django Reinhardt edo Coltrane bezalako artista handien lanen berezko interpretazioen eskutik, eta oraingoan hirukote formatuan etorriko da Getxora, Alex White bateria-jotzaileak eta Gerard Gibb teklatu-jotzaileak lagunduta. Horiekaz jazzetik abiatzen den zuzeneko indartsu eta bizia eskainiko du, jazzetik abiatu eta funk erritmoek markatutako soinu-lurraldeetaraino zabaltzeko. Saxo-gama osoa menderatzen du artista honek, saxo altutik baritonoraino, eta klarinete eta klarinete baxuagaz ere trebezia handia erakusten du, erregistro guztiak hartzen dituen soinu ikusgarria garatzen duela.

Uztailaren 6an Stacey Kent (1968, New Jersey) abeslariaren txanda izango da. Getxo bigarrenez bisitatuko du kantariak, lehen aldiz aritu zenetik hamar urte igaro ondoren, artistaren ibilbidek berdin jarraitzen du, mundu mailako jazz-ahots nagusien artean nabarmentzen. Grammy sarietarako bi milioi disko baino gehiago ditu Kentek eta bere musikak generoko handikien esparruan bereizten duen sentiberatasun poetikoa du ezaugarri nagusia. Artista moldakorra, generoko klasikoak nahiz bossa nova eta pop doinuak interpretatzeko gai da, frantsesez egiten duen errepertorio zabala ahaztu gabe.

Hilaren 7an, domekan, Bill Frisell gitarra-jotzaile eta konpositoreak borobilduko du jaialdia. Artista eklektikoak, folk progresibo, musika klasiko, country eta noiseko doinuak jorratzen ditu, besteak beste. Erritmo paregabeak sortzeko hainbat efektu erabiltzeagatik da ezaguna, bere ibilbidea sendotzen hasi zen Pat Metheny grabazio batean ordezkatu ondoren eta, bereziki, Paul Motian eta Joe Lovanogaz hirukotea osatu zuenean. Formatu horretan, hain zuzen ere, arituko da Muxikebarrin, Tonny Scherr baxuan eta Kenny Wollesen baterian lagun dituela, inprobisazioa ardatza izango duen emanaldia eskaintzeko.

Igor Sarralde

Jazzaldiaren 47. edizioko kartela Igor Sarralde Getxoko ilustratzaile eta komikigilearen lana da. Besteak beste, Kataluniako Museu Nacional d 'Art-en eta Bartzelonako Komiki Azokan egin ditu erakusketak, eta iaz Getxon Sinestesia Drawing Band proiektua gauzatu zuen, Kultura Sormen Deialdiaren barruan. Kultura Etxeak bultzatutako ekimen horretarako, zuzenean ilustratu zituen 2023ko jazz eta folk jaialdietako emanaldiak, bi ekitaldien testigantza grafikoa emateko asmoz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun