Aurretiko izen-emateak maiatzaren 3ra bitarte egin daitezke Getxo Kirolaken web orrialdearen bidez, edo aurrez aurre Fadurako edo Gobelako herritarren arretarako bulegoetan. Izena emateko beharrezkoa izango da Getxo Kirolakeko abonu-txartela edukitzea, eta plazen zozketa eta behin betiko esleipena maiatzaren 7an argitaratuko da.
Eskaintzaren barnean, 4 eta 14 urte arteko umeentzako aisialdiko eta kirol anitzeko ikastaroak nabarmendu dituzte Udaleko arduradunek; horiek astelehenetik barikura egingo dituzte goizetan, eta lau ordukoak izango dira. Gaineratu dute, horietan zaintza-zerbitzua ere egongo dela jardueren ordutegia baino ordu erdi aurretik eta ondoren. Halaber, ikastaroetan, egunero ingelesa emango dute ordubetez. Halaber, Grand Slam ikastaroak ere egingo dituzte 8 eta 16 urte arteko adingabeentzat, tenisa, padela eta uretako jarduerak praktikatzeko. Igeriketa-klaseak, berriz, Getxo Igeriketa klubak emango ditu 4 eta 17 urte arteko adingabeentzat.
Adindunekoentzako programa
Getxo Kirolakek Kostaldean izeneko programa ere antolatu du 60 urtetik gorako pertsonentzat. Programazioa doakoa da, eta ez da alde aurretik izenik eman beharko. Besteak beste, gimnasia-klaseak parkeetan, kalistenia, yoga eta aquagym egiteko aukera eskainiko dute.
Horrez gain, Getxo Kirolakek antolatuko dituen ekimenei erantsiko zaizkie Getxoko klubek ere prestatuko dituzten kirol-ikastaroak eta -campusak, honako modalitate hauetan: atletismoa, kirol egokitua eta inklusiboa, errugbia, eskubaloia, futbola, gimnasia erritmikoa, psikomotrizitatea eta gimnasia, igeriketa, patinajea, kirol anitza, saskibaloia, tenisa, txirrindularitza, arrauna, bela, kayaka, paddle surfa, surfa eta xakea.
Horietan izena emateko ez da beharrezkoa izango Getxo Kirolaken abonu-txartela edukitzea, baina badutenek % 7ko deskontua eskuratu ahal izango dutela jakinarazi dute.
Era berean, Getxo Kirolakek liburuxka bat ere argitaratu du udako kirol-eskaintza osoagaz. Liburuxka Fadurako eta Gobelako bulegoetan jaso daiteke edota Getxoko kirol erakundearen web orrialdean deskargatu, lotura honen bitartez.