Algortan egindako ekitaldian, barikuan, Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak "gobernu zintzoa" aldarrikatu zuen, eta Osakidetzarekiko "harrotasuna" berreskuratzeko konpromisoa hartu zuen, Euskadiko zerbitzu publikoen "gainbeheraren ikur" bihurtu baita.
Otxandianok eraldatze politikoaren beharra nabarmendu zuen, "hondatuta edo narriatuta dagoena" birsortzeko asmoz. Ildo horretan, salatu zuen "erabaki politikoek" zerbitzu publikoen gainbehera ekarri dutela, eta horren adibide jarri zuen Osakidetza. "Gure herritarren osasunarekin ezin da jokatu, ez etxebizitza eskubidearekin, ez gure adinekoen zaintzarekin, ez emakumeen eskubideekin... horrekin guztiarekin ezin da jolastu", adierazi zuen.
Hori horrela, zerbitzu publikoez berriro "harro" egoteko moduko konpromisoa hartuko duela hitz eman zuen Otxandianok, aldaketa "posiblea" delakoan. "Aukera hori benetakoa da, gizarteak ikusi egiten du: gaur eta hemen, esan dezakegu beharrezkoa den aldaketa politikoa posible dela. Posible da, eta orain da. Eta beti bezala egingo dugu, elkarrekin, bultzada berri bat eskainiz. Gero eta handiagoa den aldaketaren olatuarekin konpromisoak hartuz".
Ilusioa ipar, lan handia egiten dugu egunero eta hori irradiatzen da Getxon, Bizkaian eta Euskal Herrian.
— EH Bildu (@ehbildu) April 5, 2024
Orain, aldaketa etorri badator, baina egunotan bultza egitea dagokigu. Geroz eta gehiago gara! #AldaketaDaOrain 💫🚀 pic.twitter.com/ufqfqBuYzW
Bere aldetik, Arnaldo Otegi koalizioaren koordinatzaile nagusia ziur agertu zen ezker independentistak hamarkadetan zehar erein duen "proiektu nazionalak eta popularrak irabazteko benetako aukerak" dituela.
EH Bilduko belaunaldi berriena ordezkatuz, Edurne Benito del Valle Bizkaiko hautagaiak gazteen arazoak mahai-gaineratu zituen: "Gazteok ondo dakigu harresirik egon gabe ere, mota askotako banaketak badirautela. Etxebizitzaren gaiari eta gazteon emantzipatzeko arazoei begiratu bestela". EH Bilduren bokazioa "harresi ikusezin horiek denak eraistea da, herritarrak erdigunean kokatzeko", baieztatu zuen.
EH Bilduren programa osoa, hemen.