Joseba Aranguren Morotxo aski ezaguna da herrian azken 30 urteak Algortako erreferentziazko kirol arropa dendan lanean egoteagatik: Kantxa Kirol Moda. Egindako bideari erreparatuz, Morotxok nabarmentzen du herriko merkatari gisa lan egitea polita izan arren, gogorra ere izan dela. Denbora tarte honetan, aldaketa "handia" nabaritu du bezeroen erosketa-ohiturei dagokienez. Azaltzen duenez, iraganean, tokiko kirol dendek euren artean lehiatzen zuten soilik, baina, azken urteotan, hainbat multinazional handik ireki dituzte saltokiak inguruan. Hori dela eta, deitoratzen du zaila izan zaiola negozioagaz jarraitzea: "Ezin gara haiekaz lehiatu, ezinezkoa bihurtu da. Gainera, azken urteetan egoera larritu egin da online salmentagaz".
Halaber, Kantxa Kirol Moda denda fisikoa hainbatetan lekualdatu da. Aldaketa horiek esperientzia "apur bat traumatiko" gisa gogoratzen ditu Morotxok, izan ere, bi sozietatetatik banatu behar izan zen, gauzek ez zutelako guztiz ondo funtzionatzen. Zailtasunak zailtasun, baina, guztiagaz aurrera jarraitu du.
Salmentez gain, Kantxa Kirol Moda herriko kirol talde, ekitaldi eta lasterketa askotako babesle ere izan da. Baieztatu du ekintza horiekaz poztasun pertsonal handia sentitzen duela, nahiz eta ekonomikoki guztiz errentagarria ez izan. Hemendik aurrera, babesle gisa laguntzeari utziko dion arren, argi du beste era batean kirol horiek bultzatuko dituela, hala nola ekitaldietara ikusle gisa joaten.
Bere erretiroa jakinarazi duenetik, dendak harrera bikaina izan du. Alabaina, onartu du ez zuela espero: "Oraindino hilabete batzuk egongo gara likidazioa egiten, baina asko harritu gaitu etorri den jende kopuruak". Halaber, erretiroaren osteko planei dagokionez, besteei laguntzen jarraitzeko asmoa du: "Behar duen pertsonei lagundu gura diet, Gobernuz Kanpoko Erakundeen bitartez, adibidez".