Tamaina handiko arotz-txoria da, duela urte batzuk EAEn oso arraroa zen baso-espeziea, baina azkenaldian eremu berriak kolonizatu ditu. Hegazti arrunten azterketa eta jarraipenerako aldizka egiten diren laginketa-eremu batean aurkitu zuten Getxon. Ikusitako portaeraren ondorioz, badirudi bikotea ugaltzeko lurralde berri batean finkatzen ari dela, adituen arabera.
Gainerako okilakaz gertatzen den bezala, bere moko luze eta gogorragaz enborrak zulatzeko duen gaitasuna da bere ezaugarri deigarriena. Okil beltza Europako okilen arteko handiena da, 45-48 cm-ko luzera eta 70-75 cm-ko hegal zabalera duena; ia belearen tamainakoa da. Lumaje beltza du erabat, buru gainean izan ezik, bertan marra gorri zabala ageri du (oso nabarmena du arren kasuan, emeetan, aldiz, garondoan kokatutako orbain txiki bat baino ez). Mokoa gris argia izaten du, eta begiak zuri-horixkak.
Horrela, lau okil espezie dira Getxo inguruan bizi direnak eta ikus daitezkeenak: arotz txikia (Dryobates minor), arotz handia (Dendrocopos major), okil iberiarra edo okil berdea (Picus sharpei) eta, hemendik aurrera, okil beltza (Dryocopus martius). Azken horregaz batera, arotz edo okil txikia ere Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan sartuta dago.