Lehenengo ildoan, Udalak helduek euskara ikasteko 27.687 euro aurreikusi ditu; bigarrenean, 16.590 euro gazteen eta umeen (6tik 15 urtera bitartean jaiotakoak, biak barne) matrikula ordaintzera laguntzeko, eta Udaleko eta erakunde autonomoetako langileek eta zinegotziek euskara ikasteko beste 1.050 euro. Hiru kasu horietarako eskaerak aurkezteko epea urriaren 13an amaituko da.
Era berean, 4.200 euro izango dira gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egiten duten gazteentzat, eta, berritasun gisa, azterketa teorikoa euskaraz egiten duten gazteek 200 euro jasoko dituzte (orain arte 100 euro), baita motorrena edo ziklomotorrena egiten dutenek ere. Beste 1.050 euro izango dira elkarteetako aisialdiko begirale eta zuzendari agiria lortzeko euskaraz. Bestalde, 7.350 euro bideratuko dira, errotuluak, olanak, pertsianak, biniloak eta ibilgailu komertzialak euskaraz ipintzeko. Hiruren eskaerak aurkezteko epea azaroaren 30ean amaituko da.
Diru-laguntza horiekaz batera, Udalak beste zerbitzu batzuk mantenduko ditu euskararen erabilera sustatzeko, tartean, itzulpen zerbitzua, aholkularitza, ekitaldietarako aurkezle euskaldunen zerbitzua, eta merkatariei nahiz ostalariei doan eskaintzen dizkien itzulpen eta maketazio zerbitzuak.
Eskola-orduz kanpoko jarduerak
Bestalde, datorren maiatzaren 29ra arte, zabalik egongo da eskola-orduz kanpoko jardueretarako diru-laguntzetarako deialdira proiektuak aurkezteko epea. Horietarako, Udalak 42.000 euro onartu ditu.
Hizkuntza-murgiltze laburreko jarduerak laguntzeko 5.000 euro izango dira, hala nola barnetegiak edo eguneko irteerak, lehen ildoan. Bigarrenak, 10.000 eurogaz, aldi luze batean euskararen erabilera aktiboa bilatzen duten ekimenak bultzatuko ditu, esate baterako antzerkia, bertsoak edo berbodromoak. Hirugarren lerroa, 7.000 eurogaz, errefortzu klaseetarako izango da. Laugarren lerroak 15.000 euro zuzenduko ditu euskaraz garatzen diren ohiko jardueretara, horien artean, robotika, dantza, sukaldaritza, zirkua, yoga futbola, saskibaloia, xakea... Eta bosgarrena, 5.000 euro, Euskararen Eguna, euskal astea bezalako ekitaldiak antolatzeko.
Euskal kultura sustatzeko
Udalak 48.857 euro onartu ditu euskal kultura sustatzeko jarduerak egiten dituzten elkarte, erakunde edo enpresarentzat, euskaraz bizi gura duten herritarrei horretarako aukerak bermatze aldera, ESEP, Euskara Sustatzeko Ekintza Plan Estrategikoak jasotzen duenaren arabera.
Lehenengo ildoak 11.760 euro banatuko ditu euskarazko jarduerak antolatzeko lokal baten gastuetan laguntzeko; bigarrenak, 2.625 euro San Juan jaia antolatzeko gastuak ordaintzeko; hirugarrenak, 21.472 euro auzoetako Olentzeroak antolatzean sortzen diren gastuetan laguntzeko; laugarrenak, 6.300 euro Korrika garatzeko; bosgarrenak 4.200 euro Euskal Herriko gazteei Getxo eta Getxon egiten den kultura ezagutzera emateko, eta seigarrenak, 2.500 euro Getxoko gazteei Euskal Herria eta euskaraz egiten den kultura ezagutzera emateko.
Ildoetarako eskaerak aurkezteko epea datorren apirilaren 18an amaituko da, hirugarren ildorako izan ezik, hori urriaren 16an amaituko baita.
Eskaerak
Eskaerak Administrazio Elektronikoko Bulegoaren bitartez aurkeztu beharko dira.