Goizean goizetik, Ertzaintzak Aldapa plaza eta auzoa zelatatzen aritu da, auzokideei plazara sartzea debekatuz eta bertan bizi diren hainbat gazte identifikatuz. Bertan egon diren ekintzaileek nabarmendu dutenez, modu baketsuan egin dute protesta, askotariko ikurrak astintzen. Hala ere, deitoratu dutenez, ekiteko modu horren aurrean ere, ertzainak haien kontra oldartu dira zenbait aldiz, “tentsio momentuak sortuz”, eta, une batean, ertzainek pertsona bat atxilotu dute, eta beste bi inputatu ere, agintearen kontrako atentatua eta herritarren segurtasun legea urratzea egotzita, hurrenez hurren, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Auzokide askok ere, protesta gisa, pertsianak jaitsi dituzte Voxekoek ekitaldia egin duten bitartean, eta, leiho askotan, aldarri antifaxistak ikusi ahal izan dira. Inguruko hainbat tabernak ere ateak itxi dituzte ekitaldiak iraun duen bitartean.
Mitina amaitutakoan, Ertzaintzak autobusetaraino lagundu ditu ultraeskuindarren ekitaldira etorritakoak; “Murtzia, Aragoi eta Espainiako beste zenbait bertaratutako hamarnaka faxistak” izan dira, ekintzaileek azaldu dutenez.