Getxo Rugbyk ezin izan du Ohorezko Mailara igotzeko play-offerako txartela eskuratu

Iker Rincon Moreno 2024ko api. 16a, 09:50

Getxo Rugby taldeko artxiboko irudia. ยฉ GETXO RUGBY

Hitzordu garrantzitsua zuen Getxo Rubyk domekan, hilaren 14an, 23/24 denboraldiko azken partidagaz batera. La Vila valentziarren aurkako norgehiagoka irabazi beharra zuten getxoztarrek lehenengo sailkatuen artean kokatu eta maila gorenera igotzeko play-offetarako sarrera bere egiteko. Hala ere, ametsa ezin izan dute bete, 31-12 galdu baitzuten, eta bosgarren postuan amaitu dute urtea.

Kemen Goitiandiak zuzentzen duen taldeak bosgarren postuan amaitu du 23/24 denboraldia. Domekako partidari dagokionez, Getxo Rugbyko jokalari Borja Viterik azaldu duenez, "ilusio handia genuen jokatu dugun final honengatik, baina, egia esan, aurkaria gu baino gehiago izan da, eta, beraz, La Vila zoriondu behar dugu egindako partidagatik". 

Domekako norgehiagokak final baten garrantzia izan zuen bi taldeentzat, irabazleak Ohorezko Mailara igotzeko promoziorako postua eskuratuko zuelako. Getxoztarrek indartsu abiatu zuten partida, eta 12. minuturako 0-12 zenbatzen zuen markagailuak haien alde. Hala ere, une horretatik aurrera, Getxo Rugbykoek ezin izan zuten puntu gehiago eskuratu, eta valentziarrek gainezka egin zieten. "Amaiera tristea da guretzat, ikusita zer-nolako denboraldia egin dugun orain arte. Baina, egia da, elitezko taldeak maila handia eskatzen duela, eta, une puntualetan akats egiten duzunean, hau bezalako azken partida galtzera eraman zaitzake", azpimarratu du Viterik.

Hala ere, azpimarratu du oso harro daudela taldean, eta domekako porrotak indarra ematen diela hurrengo denboraldian borrokan jarraitzeko, are gehiago ikusita 16-18 jokalari etxean hazitakoak direla. "Horrek pentsarazten digu gero eta gehiago izan daitezkeela lehen taldean lehiatzen", ondorioztatu du Viterik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun