Usategi

Zabaldu daigun

Joseba Santxo 2024ko api. 19a, 11:29

"Herritik sortu zinalako maite zaitu herriak!". A zer berba politak arestian ozenki entzun direnak antzinako baskoien hizkuntzan antzinako tartesostarren lurraldean! Bihotz zuri-gorriko jende oste alaiak behin eta berriro abestu ditu Jon Antton Zubikarai Erkiaga ondarrutarrak Athleticen ereserkirako 1983an idatzitako hitzak. Baina abesti horren atzean historia bitxia dago eta hementxe kontatuko dugu. 

1913ko abenduaren 29a zen eta Teresita Zazá tonadillera cácerestarrak (Txingurriren probintziakoak, alegia) Bilboko San Franciskoko Vizcaya aretoan eman behar zuen kontzertua. Entzunareto hari kuplearen ‘katedrala’ esaten zioten orduan. Errepertorioan La Canción del Alirón zekarren Teresitak. Abesti hura madrildarrentzat sortua zuten Filipinetako Álvaro Retana letragileak eta Gaspar Aquino musikariak, eta amaierak honelaxe zioen: ¡Alirón, alirón! ¡Pom, pom, pom! Kontua da zati hori kantatzean bertan ziren entzule batzuek leloari letra aldatu ziotela unean bertan, Luis Izeta (Miquel Izeta politikari katalanaren osaba zaharra) Athleticeko orduko kapitainak hauspotuta: Alirón, alirón, el Athletic campeón! Bat-bateko ateraldi hura gustatu egin zitzaion Zazári, hainbesteraino eta letragileari abestiaren hitzak Athleticen omenez egokitzeko eskatzeraino. Eta era xelebre horretara sortu zen Athleticen lehenengo ereserki ofiziosoa gaztalania garbian: En España entera triunfa…

1950ean Los cinco bilbainos izeneko bilbainada abestaldeak ereserki berri bat eskaini zion Athletici, Timoteo Urrengoetxearen musikarekin eta Goyo Nadalen hitzekin, hura ere gaztelania hutsez: Tiene Bilbao un gran tesoro…

1982an, baina, Carmelo Bernaola musikagile otxandiotarrari enkargua eman zioten Athleticentzako ereserki berria egiteko. Bernaolak, pieza berri bat sortu beharrean, aurreko tradizioei begiratu zien eta hibrido bat atondu zuen; batetik, Retana eta Aquinoren Aliron, eta bestetik Feliciano Beobide tolosarraren Altza gaztiak! biribilketa (pieza hori Mendigoizaleen ereserkia izana zen lehenago, eta Jose Olaizola hernaniarraren Aupa mutilak obran oinarritu zen). Hitzen mandatua Zubikarairi egin zion Bernaolak, jarraibide zehatzak emanda: hitz errazak, adierazpen argiak eta euskara hutsez. Euskal ereserki berria 1983ko martxoaren 30ean estreinatu zen goraino betetako ‘katedralean’.

Kontuak kontu, mende pasatxoan Espainiari begirako himno erdaldunetik Euskal Herrira begirako ereserki euskaldunera pasatu gara. Ez gara makalak! Orain ‘mutilak’ esaten den zatietan ‘neska-mutilak’ sartzea baino ez dugu falta, gabarra ukatu zitzaien lehoi emeak ere kontuan har ditzagun gure kanta saioetan.

Berba azoka

Arestian
Orain dela gutxi, aspaldi ez dela.

Tartesostar
Tartesostarrak Tartessos kulturaren eroale eta zabaltzaileak izan ziren, grekoen eta feniziarren garaian egungo Huelva, Sevilla eta Cádiz probintzien artean kokatu zirenak, Guadalquivir ibaiaren inguruan.

Jende oste
Jende multzo handia.

Tonadillera
Tonadillak abesten dituena. Tonadillak Espainiako abesti tradizionalak ziren, jatorri arabiarrekoak, eta tonu zirikatzailekoak.

Kuple
Espainiako musika mota da, frantziar jatorrikoa, estilo arinekoa eta hitzetan gatza eta piperra dituena. 

Osaba zahar
Aitonaren anaia edo amonaren neba.

Bilbainada
Bilbo aldeko abesti mota herrikoia eta tradizionala da, nagusiki gaztelaniazkoa. 

Biribilketa
Euskal soinua, kalez kale ibiliz dantzatzen dena; kalejira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun