Liburuen mundua gerturatuko du Algortako Telletxe plazak aste-akabuan hartuko duen azokak

Iker Rincon Moreno 2024ko api. 24a, 11:16

Aurreko edizio bateko azoka, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Aste-akabu honetan, barikutik domekara bitartean, Liburu Azoka egongo da Algortako Telletxe plazan; bertan, udalerriko zenbait liburu-dendatako saltokiak eta liburutegi zerbitzuaren etxola kokatuko dira. Horrez gainera, literaturari lotutako askotariko ekintzak egingo dituzte egunotan, goizez eta arratsaldez, domekan izan ezik, goizez egongo baita azoka zabalik soilik.

Azokan literaturako azken nobedadeak erosi ahal izango dira, % 10eko deskontuagaz. Ohikoa denez, liburutegien etxola ez da faltako, eta bertan jarriko dituzte jendearen eskura udal funtsak; horrela, mailegu zerbitzuari esker, liburuak etxera eraman ahal izango dira. Gainera, haur eta gazteek bertan irakurtzeko komiki eta ipuin sorta zabala aurkituko dute. Halaber, aurten poesia-ikuskizun baterako sarrerak zozkatuko dira liburuak erosi edo maileguan eskatzen dituzten pertsonen artean.

Ekintzei dagokienez, tailerrak, eskulanak eta haurrentzako jolasak egongo dira gozagai plazan. Azoka etzi, barikuan, hasiko da, bertoko ikastetxetako ikasleen eskutik, 10:30etik aurrera haur irakurketa publikoaren 25. edizioaren protagonistak izango direnak. Gainera, jardunaldian zehar, txapa eta orri-markatzaileen tailerra (11:00-14:00) izango da haurrentzat. Arrastian, 18:00etatik aurrera, Cuentitis Musiquitis taldeak Cuentos y canciones para peques de 0 a 200 familientzako musika eta kontakizunen ikuskizuna eskainiko du. 19:00etan, eguna borobiltzeko, irakurketa tailerrak izango dira.

Zapatuan, hilak 27, Ramiro Pinillaren Getxoko ibilbide literarioagaz hasiko da eguneko proposamena, Gustavo Iduriagaren eskutik (10:30). Interesa dutenek www.getxo.eus/pinilla web estekaren bidez eman dezakete izena. 11:00etan, haurrek (2-10 urte) hitzordua izango dute Kids & Us Getxo-Algortaren eskutik Under the Sea ipuin-kontalariagaz, eta, 13:00etan, eskulan tailerrez gozatu ahal izango dute ere txikienek. Arrastian, 18:00etan, euskarazko Paperezko zirkua ipuin-kontaketa eta clown ikuskizuna eskainiko du Ana Apika kontalariak. Eguna amaitzeko, Lindy hop tailerra (19:30-20:30) egogno da, Portugaleteko Swing dantza eskolaren eskutik.

Amaitzeko...

Domekan, azokaren azken egunean, Ramiro Pinillaren ibilbide literarioaren bigarren saioa izango da (10:30) eta, 11:00etatik 12:00etara, azokan izango diren idazleen topaketaz gozatu ahal izango da, besteak beste, Belén Lucas, Haizea López, Lizar Begoña, Koldo Anasagasti eta Unai Elorriaga egileen eskutik. Azokaren 2024ko edizioa Entzi eta Otsoa bikoteak borobilduko dute, musika saio baten eskutik, 13:00etan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun