Azken urtean, Getxon 17 establezimendu edo enpresa gehitu dira Euskararen Laguna Saltokien sarera, eta daborduko 269 dira guztira. Horiek euskara sustatzeko konpromisoa hartu dute, eta horregatik herritarrei bere egunerokotasunean euskara erabiltzera gonbidatzen diete. Une honetan, aipatutako kopurutik, 78 saltokietan ordutegi osoan eman dezakete arreta euskaraz, eta 115ean zatika. Guztira, 711 langile inguru ari dira horietan, % 44k euskaraz egin dezakete eta % 16k ulertu egiten dute. Mota guztietako establezimenduak (ostalaritza, liburu-dendak, autoeskolak, elikadurakoak, ...) dira udal webgunean dagoen mapan ikus daitekeenez.
Kanpainaren jarduerak
Aurtengo berritasuna izango da udalerriko euskararen egoerari, merkataritzari eta ostalaritzari buruzko galderen kaleko inkesta. Kaishop! ibiltarian kalez kale ibiliko diren inkestatzaileei erantzuteagatik produktu bat jasoko dute parte hartzaileek eta, amaieran, sareko merkatariek emandako produktuez osatutako 10 sorten zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Erantzuteaz gain, sare sozialetan kanpainaren irudia partekatzeagatik Kaishop!aren kamiseta ere lortuko dute. Inkestatzaileak hurrengo egunotan ibiliko dira udalerritik: maiatzaren 11n, Areetatik, 18:00etatik 21:00etara; maiatzaren 18an, Algortatik, 18:00etatik 21:00etara; maiatzaren 23an, Algortatik, 19:00etatik 22:00etara; maiatzaren 24an, Bidezabaletik, 17:00etatik 20:00etara, eta maiatzaren 26an, Ibilaldian, 11:00etatik 14:00etara.
Aurrekoetan bezala , sareko dendetan euskaraz eskatzen dutenentzat hainbat opari ere izango dira, horietariko batzuk, gainera, berriak, hau da, poltsak, kafea eramateko edalontziak, giltzak eramateko, mugikorreko eranskailuak eta diru-zorrotxoak, “euskaraz eskatzeak saria daukalako”, azpimarratu dute arduradunek.
Euskaraz barra-barra
Azkenik, aldi berean, aurten, Eusko Jaurlaritzak uneoro zerbitzua euskaraz emateko ahalmena duten saltokiak identifikatzeko martxan jarritako "Euskaraz barra-barra" ekimena helduko da udalerrira. Une honetan Euskararen Laguna Saltokiko 78 establezimenduk dute ziurtagiria, eta horrek esan gura du barruan euskaraz lasai egin daitekeela.
Ekimenaren barruan, aisia euskaraz gozatzeko, 17 logela ihes-gela mugikorrak Getxon egingo du geldialdia. 16 urtetik gorakoentzat da, eta maiatzaren 10etik 12ra Areetako Xake plazan izango da; Algortan maiatzaren 17tik 19ra egongo da, Algortako Telletxe plazan, 17:00etatik 21etara. Gehienez bost pertsona sartuko dira txanda bakoitzean, doakoa izango da eta erreserba euskarazbarrabarra.eus helbidean egin beharko dute interesatuek.