Mozioen kapituluak bideratu du Getxoko apirileko ohiko osoko bilkuraren eztabaida

Erredakzioa 2024ko api. 26a, 10:09

Getxoko Udalbatza osatzen duten zinegotziak, erdian Amaia Aguirre alkatea dagoela. © GETXOKO UDALA

Atzo, eguenean, izan zen apirileko ohiko osoko bilkura Getxon. Horretan, hainbat ebazpenen berri eman zuten, hala nola aurrekontua gehigarrizko kredituz handitzea. Horretarako, iazko soberakinetik 35 milioi euro bideratuko dituzte, eta, horrela, 165 milioi euro izango ditu aurtengo aurrekontuak. Ondoren, mozioen kapituluak hartu zuen protagonismoa, baita udalerrian lorezaintza-lanez arduratzen den enpresako eta greban dauden langileen ordezkarien protesta ere.

Apirileko ohiko osoko bilkura izan zen atzo goizean, eta mozioen kapitulua izan zen erdigunea (testigantza-izaera dute, ez egikaritze-izaera). Guztira, hiru onetsi zituzten. PPk aurkeztu zuen lehenengoa eta, horren bidez, eskatu zuen Fadurako kanpoko igerilekuen egutegia zabaltzea, ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean zabalik egon daitezen; hala ere, udal-gobernuak (EAJ eta PSE-EE) adierazi zuen ezin daitekeela hori egin, ekaineko lehenengo hamabostaldian amaitzen direlako hezkuntza- nahiz prestakuntza-ikastaroak eta, ondoren, iraileko bigarren hamabostaldian egiten direlako hurrengo denboraldirako mantentze-lanak. Oposizioak ez zuen uste arrazoi nahikoak direnik eta adierazi zuen herritarren aisialdia "bateragarria" izan behar dela hezkuntza- nahiz prestakuntza-jarduerakaz. Horri erantzunez, agintariek esan zuten hainbatetan aztertu dutela aukera hori, baina lehenetsi egin dutela familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitea; nolanahi ere, Fadurako kanpoko igerilekuak zabaltzeko data Getxo Kirolakeko erabiltzaileei "kalte gutxien" sortzen dien kontua dela azpimarratu zuten.

Onetsi diren beste bi mozioak EH Bilduk aurkeztu zituen: lehenengoan, aipatu zen ahal den guztietan eta legez ezarritako betebeharren arabera saiatu behar direla Getxoko ekonomia sendotzen eta, hortaz, edozein kontratu txiki egiten denean, gutxienez, Getxoko enpresa bati eskatu beharko zaiola eskaintza edo aurrekontua.

Koalizio abertzaleak aurkeztutako bigarren mozioan, 1903an eraikitako malakate eraikin historikoak mantentzea eskatu zuten eta, horretarako, Bilboko Udalagaz hitzarmena sinatu behar zela azpimarratu zuten, adreilu eta hormigoizko eraikuntza edo etxola horien titularra den aldetik. Bizkaiko ingeniaritza zibilaren adierazgarri historikoak dira malakateak, eta horien helburua zen haien hustubideak kostaldera bideratzea. Halaber, mozio horren bidez, Udalari eskatu zioten malakateen garrantzia nabarmendu dezala eta haien historia kontatzeko proiektua has dezala.

Etxebizitza handiak banatzea, tira-birak

EH Bilduk ere hirugarren mozio bat aurkeztu zuen, udalerriko etxebizitza handiak banatzearen aldekoa. Puntu horretan, bozketak berdinketa izan zuen, koalizio abertzalearen aldeko eta PPren kontrako botoakaz; gainontzeko alderdiak abstenitu egin ziren. Hartara, bigarrenez egin zuten galdeketa, eta, horretan, PSE-EEko zinegotziek alde egin zuten, baina, EAJkoek, berriz, kontra; Elkarrekin Podemoseko zinegotzia abstenitu egin zen berriro ere. Ildo horretan, EH Bilduko zinegotziek jeltzaleen jarrera kritikatu dute, EAJko Imanol Pradales lehendakarigaiak mota horretako proposamena egin baitzuen hauteskunde-kanpainan, hiriburuetako etxebizitza zahar eta handiak banatzeko eskatzen zuena, hain zuzen, ondoren alokairuetara bideratze aldera.

Elkarrekin Podemosek ere beste mozio bat aurkeztu zuen, Itzubaltzeta/Romo eta Areeta Algortagaz lotzeko bidegorria sortzea proposatzekoa. Hala ere, ez zuten onartu.

Lorezaintza-zerbitzua, greban

Jendearen galde-eskeen txandan, udalerrian lorezaintza-lanez arduratzen den enpresako langileen ordezkariak hartu zuen hitza. Horrek adierazi zuen bi aste baino gehiago daramatzatela greban eta udalari eskatu diola bitartekaritza-lanak egin ditzala hitzarmena dela-eta enpresarekin duten lan-gatazkan.

Osoko bilkura, osorik

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun