Liburukutxa zerbitzuak udal-liburutegiak gerturatuko ditu Getxoko Andra Mari ingurura, maiatzetik aurrera

Erredakzioa 2024ko api. 29a, 18:28

Liburukutxa postontzia. © GETXOKO UDALA

Maiatzetik aurrera, Getxoko Kultur Etxeak Liburukutxa jarriko du abian, udal liburutegiak Andra Mari auzoko eta inguruko biztanleei hurbiltzeko zerbitzua. Sistema berri horri esker, liburutegiei eskatutako liburuak Andra Mari kiroldegiaren barruan dagoen armairu automatizatu batean jaso eta itzuli ahal izango dira. Hori erabili ahal izateko, beharrezkoa izango da liburutegietako bazkide izan edo NAN zenbakia erabiltzea.

Liburuen maileguak maiatzaren 2tik aurrera (eguena) liburutegietara telefonoz deituz edota e-mail bat bidaliz egin ahal izango dira, eta maiatzaren 7tik aurrera postontzian jaso. Azken data horretatik aurrera, martitzenero eramango dituzte postontzira eskatutako liburuak, eta erabiltzaileek bost eguneko epea izango dute horiek jasotzeko. Epe hori igarota, jaso gabeko aleak jatorrizko liburutegietara itzuliko dituzte.

Armairua erabiltzeko prozedura oso erraza da: gailuaren menu-pantailan eskaera baten bilketa edota itzulketa bat egingo den aukeratu beharko da; jarraian, liburutegien txartela eskaneatu, bazkide zenbakia sartu edo NAN zenbakia (letra barik) jarri eta liburuaren titulua pantailan aukeratuko da; ondoren, liburua jaso gura bada, ate bat automatikoki zabalduko da titulua atera ahal izateko. Alea itzultzeko, berriz, aldez aurretik liburua eskaneatu beharko da eta, ondoren, zabalduko den armairuan sartu.

Ordutegia

Liburukutxa Andra Mari zerbitzua astelehenetik domekara erabili ahal izango da, kiroldegiko ordutegian. Neguan (irailaren 16tik ekainaren 15era), 8:30etik 21:30era; eta udan (ekainaren 16tik irailaren 15era bitartean), 8:15etik 13:45era eta 17:30etik 21:30era. Bestalde, postontzian jaso beharreko liburuen mailegua eskatzeko udaleko hiru liburutegietan egin daiteke, ohiko ordutegietan.

Gailuaren funtzionamendua ezagutu gura dutenek, in situ egin ahal izango dute, datorren asteko astelehenean, maiatzak 6, eskainiko duten prestakuntzaren bidez. Liburutegiek laster emango dute horren berri euren zentroetan eta sare sozialen bidez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun