Iberdrola Ligara igotzeko finaletik pauso batera dago Getxo Rugby taldea

Iker Rincon Moreno 2024ko mai. 7a, 12:07

Getxo Rugby taldeko emakume seniorrak. © GETXO RUGBY

Getxo Rugby taldeko emakumezko seniorrak igoera lortzeko beste urrats bat erdiesten saiatuko dira domekan, hilaren 12an, eguerdiko 12:30ean, Pingüinas Rugby Burgos taldearen aurka. Etxean jokatutako partida hori irabaziz gero, finalerako txartela eskuratuko lukete, beste finalerdiaren garailearen kontra –Cisneros edo Les Abelles–. Eta finalera iritsi eta galduz gero, Iberdrola Ligara igotzeko azken aukera izango lukete Eibarren aurkako promozio partidan (maiatzak 26), egoitza neutralean.

Getxoko emakumeek hiru partida baino ez zituzten galdu aurreko denboraldian, besteak beste, finala eta mailaz igotzeko promozio partida. Ordutik getxoztarrek ez dute porrota ezagutu: partidurik galdu gabe jarraitzen dute, 10 garaipenakaz (42 entsegu alde eta 10 kontra, 244 puntu alde eta 76 aurka) nahiz eta azken partida ofiziala martxoaren 17an jokatu zuten. Salbuespen bakarra dute duela gutxi Iberdrola Ligako Valladolideko Salvador taldearen aurkako lagunartekoa, horretan galdu baitzuten.

Kontuak horrela, jokatu behar duten lehen finalari ahalik eta ondoen aurre egitea espero dute. Aitor Etxebarria Getxo Rugby taldeko entrenatzaileak "gogotsu, elkartuago eta iaz baino helduago" ikusten du bere taldea: "Oso kontzentratuta daude, igandea iristeko eta izan dugun geldialdi luze honen ondoren jolasteko gogoz. Uste dut hobetu egin dugula guganako konfiantza, egin nahi dugun jokoa argiago izateko. Defentsan hobetu dugu. Eta hori oso garrantzitsua da honaino iristeko".

Domekako aurkaria ondo ezagutzen dute hori-beltzek. Hiru aldiz jokatu dute horren aurka denboraldian zehar eta Getxok hirurak irabazi ditu. Lehen partida urriaren 22an izan zen, Kopako azken jardunaldian, eta getxoztarrek 27-10 irabazi zuten, Faduran. Bigarren partida azaroaren 11n izan zen, ligako lehen jardunaldian, 31-5. Eta azkena, bigarren fasean, hori-beltzek 10-0 galtzen hasi eta 10-19 irabazten amaitu zuten. Baina partidu horiek gutxi balio dute; izan ere, Etxebarriak aurkari "oso borrokalaria" espero du, "ezeren beldurrik gabe. Talde igo berria dira, eta lortzen duten guztia positiboa da haientzat. Horregatik, ezustea emateko gogoz etorriko direla uste dut. Rucketan presio handia jarriz eta muga-mugan defendatuz, aurten euren aurka jokatu ditugun partidetan bezala".

Staff teknikoak eta jokalari guztiek Fadura beteta egotea espero dute domekan, eta babesa lortzeko zelaira gerturatzeko deia egin dute, Etxebarriak ohartarazi duen bezala: "Burgosetik ere jende asko etorriko da eta polita izango litzateke harmailak transmititzen digun indar hori ikustea. Espero dut eta uste dut ikusteko partida polita izango dela".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun