#0KM - Berton bertokoa

Noel Rubianes eta Baltazar Leiro Bechir: "Txikitako oroitzapenetara bueltatzea ahalbidetzen digu alfajor batek"

Iker Rincon Moreno 2024ko mai. 15a, 13:11

Noel Rubianes eta Baltazar Leiro Bechir, haien lantegian.

Algortako Bidebarri kalean, txokolate eta gaileta usain gozoa dario Alfajores Brutales proiektuko kideek duten lantegiari. Atea parez pare zabaldu digute bertoko ugazaba Baltazar Leiro Bechir eta Noel Rubianes argentinarrek, eta, barrura sartu bezain laster, hamaika koloredun gailetak topatu ditugu aurrez aurre, aukeran dituzten askotariko zaporeez betetzeko zain. Diotenez, hilero 5.000 alfajor egiten dituzte han, eskuz, milaka saiakera egin ostean egokitutako errezetei jarraituta; horren testigu dira sukaldeko hormak, laborategi bat balitz bezala, denborez eta jarraipenez betetako errezetez margotuta baitaude.

Alfajorra zer den ondo dakite Noelek eta Baltazarrek; argentinarrak biak, duela 22 urte etorri ziren gurera, eta, aitortzen dutenez, Euskal Herrian gozoki asko eta "kalitate handikoak" dauden arren, alfajorra jaki soil bat baino gehiago dela azpimarratzen dute biek, "etxera eta haurtzaroko oroitzapenetara bueltatzeko atari bat da. Han, Argentinan, alfajorrekin batera koskortzen dira umeak". Hala, herrimin eta sentimendu horiei helduta, "eta hemen benetako alfajorrak ez zeudela ikusita", haien indarrak batu eta Alfajores Brutales proiektua jarri zuten martxan, 2019an. "Argentinatik gozo hauek ekartzen genituenean, bertokoei probatzen ematen genizkien, eta asko gustatzen zitzaien. Ez genuen ulertzen nola ez zegoen mota honetako eskaintzarik hemen", diote. Hala, merkatu-hobi bat aurkitu, eta ekin zioten.

Baltazar Galdakaoko Andra Mari jatetxe ospetsuko chefa da, eta, Noelegaz batera, sukaldaritzarekiko grina eta jaioterriaren nostalgia hori uztartu ditu. Hala, esperimentazioaren ondoren, gozoki argentinarra euskal ahosabai finera egokitzea lortu dute, zaporeak eta egiturak orekatuz bertoko "bezero zorrotzak" asetzeko. "Dena batu genuen, esperientziak, oroitzapenak... Baina lortu dugulakoan gaude; milaka proba egin ditugu, hamaika gaileta-aldaera sortu ditugu, eta lortutako produktua primerakoa delakoan gaude". Eta erantzuna ezin hobea da; inguruko hainbat taberna, jatetxe eta dendatan aurki daitezke, aurkezpen paregabe bategaz, dultzearen mundura salto egin gura duenaren zain. Izan ere, diotenez, "beti da momentu on bat alfajore bat jateko".

Nabarmentzen dute haien produktua ez dela argentinarrei begirakoa, baizik eta bertokoei zuzenduta dagoena. Algortan egiten dituzte, eskuz, eta hamaika aukera eskaintzen dituzte, baita beganoentzako ere; "merkatu honetan izugarrizko harrera ona izan dugu, eta hori eskertzekoa da, izugarrizko lana baita haientzako produktua sortzea", gaineratu du Noelek.

Inguruko taberna, jatetxe eta dendetan saltzen dituzte, Uribe Kostan, baina baita Euskal Herriko beste hainbat lekutan ere. Harro, "hemendik munduarentzat" direla aldarrikatzen dute, baina haien merkatua Euskal Herrian kontzentratzen den arren, euren produktuak ez du mugarik, zaporea kulturen arteko zubia baita. Are, iaz, euren lanak mugak gainditu zituen, Argentinako Munduko Txapelketan lehiatu zutenean. "Hemendik hara bidali genuen gozokia, milaka kilometro egin zituen, eta, irabazi ez genuen arren, ondo lotu ginen".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun