III. Etorki Mendi Trail

Etorkizuna Mendi Taldea: "Umeen, gazteen eta emakumeen parte hartzea izugarri areagotu da mendi-lasterketan"

Iker Rincon Moreno 2024ko mai. 24a, 10:37

Etorkizuna Mendi Taldeko kideak, artxiboko irudian. © ETORKIZUNA MENDI TALDEA

Etorkizuna Mendi Taldeak antolatuta, Etorki Mendi Trail lasterketaren hirugarren edizioa egin zuten joan den domekan, hilaren 19an, Getxon. Algortako Fadura kiroldegian hasi eta amaitutako lau proba egin zituzten, 27 kilometrora artekoak eta, antolatzaileek azpimarratu dutenez, arrakasta "izugarria" izan da. Denera, 1.060 kirolari batu ziren hitzordura eta, gogoratuta lehenengo edizioan 285 izan zirela, egindako lanak emaitza onak ekarri dituela agerikoa da. Ohi bezala, lasterketagaz lortutako dirua eragile bati eman diote, oraingoan, Haszten elkarteari.

Hasteko, nondik dator Getxon eta inguruetan mendi-trail lasterketa bat egitearen ideia?

Orain dela urte batzuk menditik korrika egiten hasi ginen, eta Etorkizuna Mendi Taldearen bidez federatzen ginen. Hasiera batean mendi korrikalari gutxi ginen, baina badira lau urte Klubetik trail lasterketa bat antolatzea proposatu zigutela, eta kopurua handitu egin da urtez urte.

Bestalde, pandemia garaian, Munarrikolanda, Kurkudi eta Martiartuko ibilbide guztietatik ibiltzen ginen. Etxearen ondoan ditugu, hemengo jendeak ez ditu ezagutzen eta, gainera, mendi horietan munarriak, harrizko harrobiak, Burdin Hesiko eraikin zaharrak, Getxoko antzinako ur-eroanbideak, malakateak, basoa eta beste horrenbeste gauza interesgarri aurki ditzakegu.

Egia esan, ez dakigu azkenean nola demontre animatu ginen lasterketa antolatzera, agian jendeari, pandemiaren ostean, aukera emateko gure ingurua ezagutzeko. Ekimena Bizkaiko Federazioko Ligan sartzen saiatu ginen eta,  horretarako, 20 kilometro eta 1.000 metro baino gehiagoko desnibela izan behar zituen eta, hala, ibilbide berriak sortu behar izan genituen. Lan handia egin genuen, baina, zorionez, lantalde on bat sortu genuen.

Hasieratik gure helburuak izan dira ingurunea erakustea, zaintzea, gure kirola emakumeen eta gazteen artean zabaltzea, euskara bultzatzea eta xede sozial batean kolaboratzea. Azken puntu hori lortzeko, urtero, lasterketaren ostean, herri-paella bat prestatzen dugu, eta eskuratzen dugun dirua elkarte bati ematen diogu. Lehenengo urtean Maialen Aulestiren familiari lagundu genion (Maialenek Donahue sindromea dauka), bigarren urtean DalecandELA elkarteari eta, aurten, Haszten erakundeari.

Joan den domekan egindakoa hirugarren edizioa izan da; aldi batetik bestera, parte-hartzean aldaketarik ikusi duzue?

Lehenengo urtean lasterketa bat baino ez genuen antolatu, 27 kilometrokoa, eta oso arrakastatsua izan zen. Bigarren urtean, Federaziotik, ligako 22 lasterketaren artean, Bizkaiko Senior eta Junior txapelketak prestatzea proposatu ziguten. Hala, bi lasterketa antolatu genituen: EMT27-K eta EMT-12k. Horretaz aparte, erronka gisa eta umeei aukera emateko, Fadura kiroldegiaren barruan gazteentzako eta txikientzako korrikaldiak sortu genituen; guztira, lau proba. Hala, horri esker, lehenengo urtean 285 parte-hartzaile izatetik 1.060 izatera pasatu gara.

Zer balorazio egiten diozue domekan bizi izandakoari?

Aurten ere izugarrizko arrakasta izan da. Emailez, herri-bazkarian eta herritik jaso ditugun balorazioak oso onak izan dira. Baina oraindik ere korrikalari guztien iritziak jaso behar ditugu; hau da, inprimaki bat bete behar dute.

Arrakasta hori, neurri handi batean, korrikalarien poltsei esker lortzen da. Hots, sartzen ditugun opari guztiek izena emateko diruak baino gehiago balio dute. Hori posible da babesleek eta laguntzaileek mesedeak egiten dizkigutelako. Beraz,  biziki garrantzitsua da haien laguntza, bestela, hori guztia ezinezkoa izango litzateke.

Bestalde, berriro dirua atera dugu Haszten elkartearekin kolaboratzeko eta, gainera, umeen, gazteen eta emakumeen parte hartzea izugarri areagotu da.

Aldi berean, aurten, Etiketa Berdea elkartean sartu gara, eta dekalogo bati jarraitu eta konpromiso batzuk bete behar ditugu. Elkarte horretan lasterketa antolatzaile asko sartuta gaude, eta denon artean erabakitzen dugu ze irizpide bete behar diren erakunde horretan parte hartzeko. Horri esker, markatzeko banderatxoak lasterketa batzuen artean erosi eta gure artean aprobetxatzen ditugu.

Honen guztiaren atzean Etorkizuna Mendi Taldea dago. Honetaz gainera, zeintzuk beste egitasmo antolatzen dituzue?

Datorren urtean Mendi Taldeak 50. urteurrena ospatuko du eta urte osorako jarduera ezberdinak antolatzen ari gara. Hasteko, urtarrilean, Getxon Mendi Tour - Bilbao Mendi Festival zirkuituko filmak proiektatzeko lanean ari dira, haurrentzat goizeko saioan. Urte horretan hainbat argazki erakusketa izango dira, horien artean La Caixa Fundazioaren erakusketa ibiltaria. Mendiarekin zerikusia duten gaiei buruzko hitzaldiak eta mahai-inguruak ere egingo ditugu.

Horretaz gainera, herri-bazkaria antolatu nahi dugu. Mendi Federazioarekin hitz egin da Getxon Euskal Mendizaletasunaren eta Pyrenaicaren gala egiteko. Era berean, trailerako nutrizio eta teknifikazio jardunaldiak antolatuko ditugu, eta baita mendiko segurtasunari buruzkoak ere.

Jakina, mendi martxak eta Etorki Mendi Trailaren IV. edizioaren ospakizunak ez dira faltako, eta urtea amaitzeko, Etorkizuna Mendi Taldearen urteurrenaren aurkezpena egingo dugu, klubaren hasiera ahalbidetu zutenei eskerrak emateko eta onespen publikoa egiteko.

Kostaldeko herria izanik, zeintzuk aukera ditugu inguruotan mendiaz gozatzeko asko mugitu barik?

Kostaldean ez dago mendi oso alturik, baina desnibela pilatu dezakezu. Ibilbideak izugarri politak dira eta, gainera, itsasoa eta amildegiak ikusteko aukera dago.

Duela hiru urte, GR-123 osoa korritu genuen 7 etapatan; Bizkaiko perimetroa zeharkatzen duen ibilbidea da eta, azken egunean, Sukarrietatik Algortako Portu Zaharrera etorri ginen. Biziki ibilbide ikusgarria da. Burgoa, Jata, Urizar Mendi, Ermua, Barrikabaso... Onena da Wikiloc aplikazioa erabiltzea; distantziak, ibilbideak eta igarobideak aukeratzen dituzu eta ehunka bide daude aukeran. Ibilbide guztietatik gustukoena aukera dezakezu, zure beharretara egokituta eta aplikazio horren bidez ibilbidea egin, galdu barik. 

Handitu egin da mendizaletasuna herriotan?

Uribe Kostan betidanik mendi korrikalariak egon diren arren, lasterketari esker, sortutako giroak trail talde berri bat sortzera bultzatu du, kasu honetan, Etorkizuna Mendi Taldearen barruan. Gure ustez, hori lasterketaren emaitzarik onena da. Ez delako bakarrik taldea, lagunak baizik. Edozein kontu prestatu behar badugu, hor daukagu jende piloa laguntzeko. Beraz, horrek asko errazten digu gure lana, eta, aldi berean, entrenatzeko, beste lasterketa batera joateko eta beste horrenbesterako balio du. 

Lehenengo urtean, hutsetik hasi ginenean, lan handia egin genuen jendea apunta zedin. Emakumeak, asfaltotik bakarrik korrika egiten zutenak eta inoiz korrika egin ez zutenak apuntatzera animatu genituen. Etxean ere lehia piztu nuen bi koinatuen artean, inoiz ez zuten korrikarik egiten eta badirudi hemendik aurrera animatuko direla.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun