Gazte bat labankadaz hil dute Algortan, eta bost adingabe atxilotu dituzte

Iker Rincon Moreno 2024ko mai. 26a, 13:41

Algortako Satistegi plaza, artxiboko irudian.

23 urteko gizon bat hil da bart Getxon, Algortan izandako liskar batean egin dizkioten zaurien ondorioz. Ertzaintzak bost adingabe atxilotu ditu hilketagaz lotura dutelakoan, eta Amaia Agirre Getxoko alkateak gogor gaitzetsi du gertatutakoa, baita biktimaren senideei gertutasuna adierazi ere.

Ertzaintzak, Getxoko Udaltzaingoaren laguntzagaz, bost adingabe atxilotu ditu, bart Algortan gazte bat hil dutelakoan. Biktima arma zuri bategaz zauritu zuten, eta, ondoren, ospitalera eraman eta bertan hil da, jasandako lesioen ondorioz.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, istiluak 23:20 aldera hasi ziren Satistegi plazaren inguruetan. Hainbat lekukok Ertzaintzari jakinarazi zioten gazte bat zaurituta zegoela, labankada bat jaso ondoren. Larrialdi zerbitzuak bertaratu zirenean, zauri larriakaz topatu zuten 23 urteko mutila, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Hala ere, osasun langileek ezin izan zuten ezer egin gaztearen bizitza salbatzeko, eta bertan hil da.

Gauerdia baino lehen, Ertzaintzak eta Getxoko Udaltzaingoak bost adingabe aurkitu zituzten, Algortako metro geltokian, eta, erasoagaz lotura zutelakoan, unean bertan atxilotu zituzten. Geltoki horretako zaborrontzi batean odol arrastoak zituzten labana bi topatu zituzten, polizia-iturrien arabera, erasoa egiteko erabili zituztenak.

Getxoko ertzain-etxeak ikerketa ireki du hilketa hori argitzeko, eta domeka goizean hilketa izan den lekura eraman dituzte atxilotutako bost gazteak, gertatutakoa argitzeko asmoz.

Gaur, domekan, Ibilaldiari hasiera emateko ekitaldian, Amaia Agirre Getxoko alkateak gogor salatu du bart gertatutakoa, eta azpimarratu du Getxo "herri baketsua" dela, askotarikoa eta auzokideen artean bizikidetasuna egunero lantzen duena. Era berean, hildakoaren familiari bere "gertutasuna eta elkartasuna" adierazi dio.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun