Europa ikastetxeak berak jakinarazi du daborduko irakaslea "eskolatik apartatu" egin dutela. Ildo horretan, ohar bat zabaldu du esanez eskolak "arreta handiz" jardun duela, "Hezkuntza Ikuskaritzako Zerbitzuekin eta Poliziarekin koordinatuta, edozein zantzuren berri izan den unetik bertatik".
Oraingoz, gutxienez lau adin txikikoren familiek aurkeztu dituzte salaketak, baina polizia-iturriek ez dute baztertzen kasu gehiago egotea. Ikerketak zabalik jarraitzen du.
Europa ikastetxeak azaldu du atzo, astelehenean, egin zutela bilera bat gertakarietan nahastutako ikasturteko familiakaz, gertatutakoa azaldu eta ikastetxeak horren aurrean egindakoaren berri emateko. Halaber, ikastetxeko baliabideak familien eskura jarri ditu, eta, beharrezkoa bada, ez du baztertu "baliabide gehigarriak erabiltzea behar den denboran".
Azkenik, ikastetxeak adierazi du lanean ari dela, "ikasleak eta horien familiak babesteko", batetik, eta zabaldutako legezko prozedurak ez oztopatzeko. Bien bitartean, gaur, martitzenean, Haur Hezkuntzako familiakaz bilera egingo dute, 15:30ean.
Salaketak jarri dituzten familiek gertatutakoa “estali” gura izana leporatu diote ikastetxeari.
Sexu-erasook salatzeko, Algortako Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar, eguaztenean, 19:30ean, Malakate parkean.