Ekainaren 6tik 30era bitartean, Getxo udalerriko eremu publikoetan 22 erakusketa egongo dira ikusgai. Arduradunek azpimarratu dutenez, gune publikoaren erabilera defendatuko dute aurten ere. Hala, besteak beste, aisialdirako eta kirolerako gune publikoak erabiliko dituzte, hala nola La Kantera skate-pista eta umeentzako parke bat.
Nazioarteko hainbat egile esanguratsuren irudiak erakusteaz gainera, parte hartzeko programa sendo bat prestatu du jaialdiak gura duen edonorentzat: elkarrizketak, bisitak, aurkezpenak, proiekzioak, performanceak, tailerrak eta gaueko bisitak, besteak beste. Oraingoan, gainera, bertako bizilagunak zein bisitariak muga konbentzionalak gaindituko dituen esperientzia ludiko batean murgiltzera gonbidatuko ditu Getxophotok; horretarako, jolasa eta jolastea hiri-sarean integratzea proposatuko dute, "aisia eta entretenimenduari hirietan ematen zaion leku mugatuak desafiatuz".
Play
Maria Ptq komisarioak askotariko herrialdeetatik etorritako 22 artista gonbidatu ditu aurtengo ediziorako. Hiru eremutan banatuta –Algortako erdigunea, Ereaga hondartza eta Romo-Areeta–, erakusketetarako erabiliko dituzten lekuen artean Algortako Azoka nabarmendu dute antolatzaileek, jaialdiaren zentroa izango baita: informazio-gunea eta erakusketa bi hartuko ditu.
Ikusgai egongo diren 22 proiektuen artean, helduaroan jokoa lantzen dutenak nabarmendu dituzte. "Baliabide hori maiz erabiltzen dugu ihes egiteko, atseden hartzeko edo gure egunerokotasunaren abstrakzio gisa", azpimarratu dute arduradunek. Ildo horretan, Arnau Roviraren lana azpimarratu dute, Fantasia Resorts izenekoa.
Ikuspegi intimoago batetik abiatuta, Masahisa Fukase argazkilari japoniarraren Yoko, From Window lana aurkeztuko dute, eta, argazkigintzari ikuspegi "eklektikoagoa" emateko, Txinatik etorritako Lu Yang artista ospatsuaren DOKU the Self errealitate birtualeko pieza eta Feng Liren Golden Times seriea proposatu dute, rave inprobisatuetan ateratako argazkiak, besteak beste.
Urtero legez, Itxialdia vol. 11 jardunaldi klasikoa ekarriko dute aurtengo edizioan ere, eta, oraingoan, honako artista hauek egongo dira: Emma Bowkett, Arianna Rinaldo, Vitor Nieves, Marco de Mutiis, Jason Fulford, Catherine Troiano eta Jon Uriarte. Gainera, Internet bidez jaialdiaz gozatzeko aukera egongo da ere, online bidezko hainbat jarduera proposatuko baitituzte, hala nola Filmin zinema-plataforman propio sortutako kanalaren bidez.
Gainera, edizio honetarako propio sortutako izozkia egongo da gozagai Gelati! Gelati! izozkigileen eskumenez, "Dragon Zeta" izenekoa, "gutako askori haurtzaroko oroitzapenak berpiztuko dizkigu, ziur". Era berean, laugarren urtez jarraian, jaialdiak MAPS (; Mejores Amigxs Para Siempre ;) topaketa antolatuko du Espainiako Estatuko argazki- eta irudi-eskoletako ikasleakaz. Oraingoan, berritasun gisa, Portoko 45 parte-hartzaile baino gehiago batuko dira egitasmora. Horien guztien artean, proiektu bat aukeratu eta 2025eko edizioan aurkezteko aukera izango du ikasleak; aurten, Emanuele Binettiren lana da esposatuko dutena.
Era berean, ohiko bisita gidatuez gozatzeko aukera egongo da, euskaraz eta gaztelaniaz, egunez eta gauez.
Artisten zerrenda
- Jason Furford, Sol Moon Izar
- Lu Yang, DOKU the Self
- Feng Li, Golden Times
- Masahisa Fukase, Yoko, From Window
- Hayahisa Tomiyasu, TTP
- Jean-Marie Donat, What The Fucking Fuck!
- Anna & Bernhard Blume, Ödipale Komplikationen?
- Nina Davies, Precursing
- Piet Baumgartner, Through my Street
- Luisa Dörr, Imilla
- Manuel Lorente, Él Pone La Música, Nosotros Bailamos
- Hermanos Zubiaurre, Fantasías Fotográficas
- Michalin Kacperak, Soft Spot
- Jana Sophia Nolle, Living Room
- Arnau Rovira, Fantasia Resort
- Alejandra Carles-Tolra, Where We Belong
- Emanuele Binetti, Gli Occhi Prima Di Mia Madre
- Maxim Zmeyev, Type 1.5.11
- Raquel Meyers, Monscii
- 2girls1comp, Towards a Philosophy Of The Photo Daddy
- Verónica Fieiras, Leve
- Spasi Sohrani, Family