Fernandok kontatu duenez, 2018ra arte, bere anaiagaz egiten zuen lan, baina hori hil zenean, bere semea sartu zen laguntzera. "Ordutik dago hemen; badirudi negozio honetarako eginda dagoela, oso azkar moldatu baitzen". Semeak azaldu du berak elektrizitatea ikasi zuela, baina ez zitzaiola lan egiteko modua asko gustatu, "nahiago dut hemen lan egin eta ni izan nire buruzagia".
Fernandok duela 45 urte ireki zuen negozioa, eta, dioenez, "urte hauetan guztietan negozio eta langile askoren joan-etorriak ikusi ditut, zurginak, tailerrak, mekanikoak... Momentu oso txarrak bizi izan ditugu, baina nire semea hemen edukitzeari esker negozioa berpizten ikusi dut".
Laster, Unaik hartuko du negozioaren erreleboa eta, erronka handia izan arren, bera ilusioagaz eta itxaropenagaz dagoela dio: "Negozioa ondo eramanez gero, oso lan polita eta duina izan daiteke; ordu asko eskatzen ditu, baina ondo antolatuz gero, beste edozein lanpostu bezalakoa da".
Aitak azaldu duenez, burdindegien gakoa produktuak eta bezeroen gurariak ezagutzea dira, "guk kalitatezko produktuak eskaintzen saiatzen gara prezio egokietan; erabiltzaile batek esaten digunean zerbaitek ez duela funtzionatzen, berehala kentzen dugu". Diotenez, oro har, Igeldo burdindegian kalitatezkoak eta hemen egindako tresnak saltzeaz gain, sarrailagintza-lanak dira batez ere eskatzen dizkietenak.
Hala ere, negozioa aldatzen joan dela diote, eskariaren arabera moldatzen joan baitira. Aitak berretsi duenez, denda auzoagaz batera joan da aldatzen, lehen askoz tailer eta gremio gehiago baitzegoen: "Lehen, 27 tailer zeuden auzoan, eta denek erosten zuten hemen. Gaur bakarra geratzen da, beraz, moldatu egin behar izan gara eta auzoaren eskarietara egokitu".