Kontzertuen debekuen aurrean, Barne Barnetik kolektiboak "biniloen makro pintxada" iragarri du

Ander Zarraga 2024ko eka. 7a, 12:23

Duela hiru urte hasi ziren antolatzen Barne Barnetik Eguna, ikasturte amaiera ospatzeko. BARNE BARNETIK KOLEKTIBOA

Salatu dutenez, Getxoko Udalak debekatu egin dizkie ekainaren 15ean egingo duten Barne Barnetik Egunerako antolatuta zeuzkaten kontzertuak. Ohar bidez adierazi dute eskaria Udalean aurkeztu eta gero, Udaltzaingoaren dei bat jaso zutela, "ekintzak beste leku batean egin beharko genituela esaten".

Ekainaren 15ean, Algortako kaleetan Barne Barnetik Eguna antolatu du izen bereko kolektiboak, "ikasturteari bukaera emateko nahiarekin". Egun horretako egitaraua 12:00etan hasiko dute, eta aurreikusten ditu azoka, txupinaren jaurtitzea, bazkaria eta binilo pintxada; azken hau egunean zehar izango da, 12:30etik aurrera.

Horrez gain, antolatzaileek kontzertuak ere zituzten antolatuta, 18:00etatik 22:00etara, baina ohar-bidez adierazi dutenez, baimena eskatu ostean, Udaltzaingoaren dei bat jaso dute, esanez ekintzak beste leku batean egin beharko lituzketela, "Portu Zaharrean edo Oikosan dagoen landan". Gaineratu dute horren ostean babes zibilaren email formal bat ere jaso dutela, "kontzertuekin aurrera jarraitzeko debekua berretsiz". 

Zehaztu dutenez, Udaltzaingoak hori proposatu die, iaz auzokideen aldetik kexak izan omen zirelako. "Oinezkoen kale batean horrelako egitaraua aurrera eramatea aproposa ez zela eta egitarau potenteegia planteatzen genuela esan ziguten", argitu dute kolektiboko kideek, erantsiz kontzertuak alde batera uzten bazituzten, egitarauagaz aurrera jarraitzeko aukera ematen zietela.

Oharrean azaldu dute egitaraua 22:00etan bukatzea aurreikusten zutela, "herriari eskaintza hau egiteaz gain, inguruko auzokideak errespetatzea izan baita gure nahia". Udalaren eskariaren aurrean, kontzertuak bertan behera uztea erabaki dute, gainerako egitarauagaz jarraitu ahal izateko, eta horien ordez, "ahalik eta binilo jartzaile gehien biltzen dituen makro pintxada" iragarri dute, 12:30etik aurrera.

Horregaz batera, beraien ustez, Udaltzaingoaren proposamenak bigarren mailako auzokideak bezala uzten ditu Portu Zaharreko eta Oikosako bizilagunak. Halaber, deitoratu dute Udalak Getxo "lotarako herria" bihurtu gura duela, ekintzak marka ezagunek antolatzen dituzten makro jaialdien esku utziz, giro herrikoia eta boluntario moduan lanean aritzen direnei bizkarra ematez.

Erlazionatuak

Barne Barnetik Eguna

Erredakzioa eka 03 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun