47. Getxo Jazz jaialdia egingo dute uztailaren 3tik 7ra bitartean

Nahia Martinez Gondra 2024ko eka. 10a, 15:55

James Carter artista estatubatuarrak Getxo Jazz jaialdian joko du, besteak beste. © GETXOKO UDALA

Urtero legez, Getxo Jazz indarrez bueltan dago 17 saio zirraragarrigaz, ekainaren 3tik 7ra. Muxikebarri zentroan eta Algortako Telletxe plazan egingo dituzte emanaldiak eta Stacey Kent, Hiromi, James Carter, Bill Frisell eta Kurt Rosenwinkel izango dira kontzertuen protagonistak. Jaialdiari buruzko informazio guztia webgune honetan kontsulta daiteke. Bestalde, kontzertuetarako sarrerak eta bonuak ohiko saltokietan eros daitezke: Kutxabank sarea, Muxikebarri zentroa eta Romo Kultur Etxea.

Ohi legez, talde gazteak eta nazioarteko artista nabarmenetako batzuk nahastuko dira jazzaldian. Ordainpeko kontzertuez gain, Talde Lehiaketako talde gazteen emanaldiak, "Hirugarren milurtekoa" atala eta eskaintza zabala osatzen duten familientzako kontzertuak izango dira. Amaia Agirre Getxoko alkateak eskaintzaren "kalitatea eta aniztasuna" nabarmendu ditu, baita udalerriko "kultura eta turismo eskaintza indartzeko" duen gaitasuna ere. Bestalde, Iñaki Saituak, jaialdiaren arduradunak, Getxo Jazzaren belaunaldi anitzeko izaera azpimarratu du, bere egitarauan "musika eszenako izen handiak zein musikari gazteak" batzen direlako.

Aurten James Carterrek (1969, Michigan) zabalduko ditu ordainezko kontzertuak Muxikebarrin, gaueko 21:00etan. 90eko hamarkadan sortutako saxofoi jotzailerik harrigarrienetako eta originalenetako bat da artista estatubatuarra, saxo-mota guztiak menderatzen dituena, altutik baritonoraino, eta klarinetean eta klarinete baxuan ere aditua dela. Hurrengo egunean, eguenean, hilak 4, Hiromi Uehararen (1979, Hamamatsu) txanda izango da. Egungo eszenako pianistarik originalenetako bat da, eta bere sormen-energiak jazzaren, musika klasikoaren eta poparen mugak zeharkatzen ditu, inprobisazioa sofistikazio maila berrietara eramanez.

Barikuan, hilak 3, jaialdiaren erdialdean, Kurt Rosenwikel (1970, Filadelfia) gitarra-jotzaile ospetsua buru duen konbo handiaren txanda izango da. Horretan, Mark Turner saxofoi-jotzaileak, Ben Street baxu-jotzaileak eta Jeff Ballard bateria-jotzaileak bat egingo dute birtuosismotik abiatuta modernitatea tradizioagaz fusionatzeko. Biharamunean, zapatuan, jazzaldiak Stacey Kent
(1968, South Orange; New Jersey) izango du protagonista, nazioarteko eszenako ahots dotore eta beroenetako bat, hain zuzen ere. Sari ugari irabazi ditu abeslariak eta bere errepertorioa swing klasikoetatik bossa nova-raino zabaltzen da, chanson frantziarraren kanta erromantiko ezagunenetako batzuen moldaketak barne. Azkenik, uztailaren 7an, domekan, jaialdia eskarmentu handiko Bill Frisell (1951, Baltimore) artistaren eskutik agurtuko dute. Eszena garaikideko gitarra moldakorrenetako bat da Frisell eta 40 urte baino gehiagoko ibilbide profesionalean grabaketa-katalogo amaigabea gauzatu du.

Halaber, izen handien aurretik, Talde Lehiaketaren finalera iritsi diren lau bandak arituko dira, eta, beste behin ere, Europako jazz gaztearen lanaz gozatzeko aukera izango dute ikusleek. Doako eskaintzan, berriz, Algortako Telletxe plazako Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak egongo dira arrastiko 19:00etan. Nagusiki artista gazteak protagonista dituen eskaintza izango dute: Irati Bilbao abeslaria, Juan de Diego beteranoa, Carmen Vela txirularia, Elias D´Hooge Trio talde belgikarra eta Wasted Generation banda italiarraren proposamen originala bilduko dituzte.

Akordioa SGAEagaz

Aipatutako eskaintzari familientzako kontzertuak gehitu behar zaizkio, Algortako Telletxe plazan egingo direnak, goizeko 12:30ean. Lehenengoan, uztailaren 6an, Musikenen sortutako Femmm noneto gaztea arituko da, Getxo Kultura eta SGAE Fundazioaren arteko lankidetza hitzarmenaren bitartez gauzatutako saioa. Eta hurrengo egunean, Swing for Kids ikuskizunaz gozatu ahal izango dute haurrek zein helduek. Femmmen saioa Herri Jazz zikloaren barruan kokatzen da eta Oskar Castaño ‘Garbitxu’ SGAE- Euskadiko Lurralde Ordezkaritzako presidenteak adierazi duenez, "abiapuntu bikaina da Getxo eta SGAEren arteko lankidetza abiatzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun