Uztailaren 1ean abiatuko da zazpigarren EuskarAbentura, gazte euskaldunentzako kultur espedizioa

Ander Zarraga 2024ko eka. 10a, 17:18

Beste behin, aurtengo EuskarAbentura Getxon bukatuko da ekitaldi berezi bategaz.

Uztailaren 31n Getxora heldu arte, Euskal Herriko eta diasporako 16 eta 17 urte arteko 127 gaztek euskararen lurraldea zeharkatuko dute oinez. Egitasmoak hartuko dituen 400 kilometroetan landuko dituzte edukien artean egongo dira euskara batua eta euskalkiak, emakumea eta kirola, eta utopia.

Aurtengo espedizioa Atharratzen (Zuberoa) hasiko da, eta, modu horretan, Ipar Euskal herrian etapa bat gehiago egingo du. Gainera, aurten Cuscoko (Peru) diasporako gazte batek ere parte hartuko ekimenean. Antolatzaileek azaldu dutenez, "pasa den urteko Valentzia eta Buenos Aireseko kideen antzera, gogo itzelak ditu abentura honetaz Euskal Herrian eta euskaraz gozatzeko". 

Horrez gain, aurtengo edizioa ikerketaren azken urtea ere izango dela jakinarazi dute. Gogoratu dutenez, EuskarAbenturan topatzen diren faktore ezberdinek gazteen hizkuntza ohituretan eta hizkuntzekiko beren jarreretan duen eragina aztertu gura izan dute horren bidez. Horren ostean, datu guztiak aztertu eta ondorioak aterako dituzte Plazara elkarteko kideek, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako ikerketari esker.

Parte-hartzaileei dagokienez, beste behin, errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural anitzeko gazteak izango dituzte: Gehiengoa bizkaitarra izango da, 43 gazte (% 33,85); gipuzkoarrak izango 28 dira (% 22,05); Nafarroatik 24 joango dira (% 18,90); Arabatik 13 (% 10,24); Lapurditik 10 (% 7,87); Nafarroa Beheretik 6 (%4,73); Zuberoatik 2  (% 1,57) eta diasporatik bat, Cusco, Perukoa (%0,79). Taldearen % 66,93 emakumezkoa izango da (85 neska), % 32,28 gizonezkoa (41 mutil) eta pertsona ez binario bat ere egongo da (% 0,79). Aurten, Ipar Euskal Herriko kideen kopurua ia bikoiztu egin dute, iaz 10 izan baitziren, eta aurten 18, eta Arabako kide bat gehiago ere izango da.

Oraingoan, abenturazaleek 27 herritan pasako dute gaua, horietatik hiru berriak: Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane-Garazi, Auritz, Zubiri, Iruña, Añana, Argantzun, Gasteiz, Izarra, Araia, Zerain, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti, Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo. Horiek eta beste hainbeste herrietatik zeharkatuko du marea laranjak aurtengo udan Euskal Herria.

Gazteakaz batera, 30 lagunek osatutako lantaldea joango da: koordinatzaile bi, 10 xerpa edo begirale, lau xerpa-laguntzaile, bi xerpa-buru, hiru mediku, erizain bi, gidari bi, euskara teknikari bat, argazkilari bi, kamerari bat eta komunikazio arduradun bat.   

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun