Fadurak II. Getxo International Walking Football Cup (Walking Lions Saria) hartuko du asteburu honetan

Erredakzioa 2024ko eka. 18a, 11:11

Getxoko Walking Lions taldeko jokalari bat, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Getxoko Walking Lions F.C. taldeak, Getxo Kirolak-egaz elkarlanean, Getxo International Walking Football Cup (Walking Lions Saria) antolatuko du bigarrenez. Lehiaketa ekainaren 22an eta 23an izango da, aste-akabuan, Faduran, 10:00etatik 14:00etara. Txapelketak Europako walking football klub onenetako batzuk bilduko ditu: Frantziako All Stars St Porchaire, Italiako WF Asti, Alacanteko Esquina Park Rangers, Sevillako WF Hispalis, Madrilgo Rayo Mahadaonda eta, nola ez, tokiko Walking Lions F.C.

Arduradunek jakinarazi dutenez, aurtengo edizioan, iazkoan ez bezala, bi kategoria lehiatuko dira: 50 urtetik gorakoak eta 60 urtetik gorakoak. Gainera, Ingalaterratik hurbilduko diren epaileak arituko dira norgehiagoka horietan, baita Severo Gonzalez Lekue epaile profesional ohia ere.

Futbolean oinarritua dagoen Walking football modalitatea duela hamarkada bat jaio zen Ingalaterran eta haren arauen helburua da berau praktikatzen duten pertsonen osotasun fisikoa zaintzea, izan ere, 50 urte baino gehiago izatea da arau nagusia. Horregatik, ezin da korrika egin, ezin da baloia buruagaz jokatu eta baloirako sarrerek aurrez aurrekoak izan behar dute. Zelaiaren neurriak 40x30 metrokoak dira, ateek 4x2 metro neurtzen dituzte eta taldeak 6 jokalariz osatuta daude.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun