Hernandezek duela urte bi ireki zuen Oasis txakurrentzako ile-apaindegia, baina mundu horretan darama lanean 16 urte zituenetik. "Albaitari laguntzailea naiz eta klinika ezberdinetan aritu naiz, beste zereginen artean, txakurren ile-apaintzaile bezala. Duela urte bi Oasis zabaldu nuen, eta uste dut zortea daukadala, nire ogibidea izateaz gain, pasioa ere badelako, txakurrak maite baititut".
Bere dendan maskotentzako jatekoa eta osagaiak saldu arren, negozioaren funtsa ile-apaindegia da. "Jendeari jakinarazi behar zaio animalien ilajeak zainketa jakin batzuk behar dituela; azken finean, hori ere osasuna da, ez kosmetika kontua bakarrik", azpimarratu du.
Argitu duenez, uste oker asko dago txakurren ilajearen zainketaren inguruan: "Askok uste du orrazteagaz nahikoa dela, baina ilea ondo izan arren, ile-apaintzaileok eman ahal diogun tratamenduak ez dauka zerikusirik, bainua eta lehortzea oso garrantzitsuak baitira; esan daiteke egiten dugun lanaren oinarriak direla".
Azaldu du pandemiaren ostean txakurren kopuruak izugarrizko gorakada izan zuela, "txakurrak bikoiztu edo hirukoiztu egin ziren; gainera, Getxo da txakur gehien dituen udalerrietako bat, eta umeak baino txakur gehiago ditugu". Horregaz batera, urteotan, txakurren zainketa erabat aldatu dela erantsi du, "lehen guraize pare bategaz egiten genuen lan guztia, baina orain, tresnen friki batzuk gara: guraizeak, orraziak, eskuilak... hainbat gailu erabiltzen ditugu, edozein ile-apaintzailek bezala".
Etorkizunean, txakurren edertasun-lehiaketa batera aurkeztea gustatuko litzaiokeela onartu du, baina momentuz eguneroko lanagaz eta kontziliazioagaz nahiko duela dio. "Horietako batera aurkezteko teknika ona eta egingo duzun mozketa ere oso argi izan behar dituzu", argitu du.