Fadurako kanpoaldea parke publiko (Thinking Fadura) bilakatzeko proiektuaren barruan, garagardotegi zaharra ordezkatuko duen eraikin berria eraikitzeko azken faseetan ari dira lanean, eta 2025 hasiera aldera amaituta egongo dela uste dute (azken lanen zenbatekoa 673.000 eurokoa da). Horrez gain, Getxo Kirolak-ek badu proiektua atletismo eta errugbiko harmailen eraikin berria egiteko, eta prozesuan dago obra-zuzendaritza kontratatzeko (eraikinak 7,3 milioi inguruko kostua izango du). Era berean, laster hasiko dira frontoietako eraikinaren egitura indartzeko lanak egiten (2,6 milioi euro). Eta, saskibaloiko kanpoko kantxak estaltzeko proiektua ere idazteko fasean dago (156.000 euro).
Obra-zerrenda horri Fadurako eta Gobelako hainbat instalazio berritzeko lanak ere gehitu dituzte; tartean, Fadurako eta Gobelako futbol-zelaietako belar artifiziala aldatzeko lanak, Bolue 3ko aldagelak handitzeko eta Bolue 1ekoak eta 2koak birmoldatzeko lanak (2 milioi euro baino gehixeago), eta Fadurako igerilekuetako ura iragazteko sistema hobetzeko lanak (247.000 euro).
2025erako aurreikuspenak
Datorren urteari begira, Getxo Kirolak-ek Fadurako aparkalekuak berritzea ere aurreikusten du (2,5 milioi euro, gutxi gorabehera) eta padel eta teniseko pistetako pabiloi estali berriaren erredakzio-proiektua abian jartzea (1,5 milioi euro).