Alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoari lotutako arriskuak murrizteko trebatuko dira Getxoko ostalariak eta jai-batzordeko kideak

Erredakzioa 2024ko eka. 26a, 11:42

Ekimena ostalaritzako lokaletako langileentzat edota jabeentzat, eta txosnetako eta jai-batzordeetakoentzat pentsatuta dago, eta datorren uztailaren 9an izango da, 9:30etik 13:30era, bezeroen alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoagaz lotutako arazoei aurre hartzeko baliabideak emateko, eta, behar izanez gero, esku hartzeko. Saioa online izango da.

Getxoko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzagaz lankidetzan, alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoari lotutako arriskuen murrizketari buruzko online prestakuntza bat antolatu du uztailaren 9rako, udako jaiak hurbil daudela eta.

Saioan langileei alkoholaren kontsumoaren inguruko arrisku-egoerak detektatzeko gaitasuna hobetzeko jarraibideak eskainiko dizkiete, bereziki adingabeen, bezero intoxikatuen edo gidatuko duten pertsonen kontsumoaren kasuan, eta horren arabera jarduteko. Era berean, gaueko ohiko kontsumo-drogen ezaugarriei, ondorioei eta arriskuei buruzko ezagutza espezifikoak ere aipatuko dira baita arriskuak murrizteko jarraibideak ere.

Gainera, azkenaldian jarrera eta eraso sexistak eta sexu-erasoak, lapurretak edo estortsioak egiteko mendekotasun kimikoaren erabilera bezalako gaiek hartu duten gorakada eta garrantzia ikusita, erakunde publikoek horri buruz antolatu dituzten jarduera-protokoloakaz eta gidakaz lotutako edukiak landuko dituzte.

"Ostalaritza alorrekoak eta jai-batzordeak parte hartzera animatzen ditugu, guztion artean jai parekideak, parte-hartzaileak, seguruak eta indarkeriarik gabekoak, eta pertsona guztiok gozatzeko modukoak eraikitzeko helburuarekin”, nabarmendu du Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.

Udalak aste honetan prestakuntzari buruzko informazioa bidali die ostalaritzako 300 bat establezimenduri eta udalerriko jai-batzordeei. Hala, parte hartu gura dutenek, uztailaren 2a baino lehen erantzun beharko diote helbide elektroniko honi (gizartez@getxo.eus ), izen-abizenakaz, ostalaritzako lokala edo jai-batzordearen izenagaz, harremanetarako telefonoagaz eta helbide elektroniko bategaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun