Getxo-Bilbo arteko bidea bizikletaz egin ahal izateko bidegorri-sarea handituko du Udalak

Erredakzioa 2024ko uzt. 4a, 11:53

Mugikortasun iraunkorra sustatzen jarraitu guran, datozen hilabeteetan Areetan martxan jarriko dituen beste hiru proiektu iragarri ditu Getxoko Udalak. Besteak beste, uztailean hasiko dituzte Eduardo Coste kalea Leioako bidegorriagaz lotzeko lanak, horrela, udalerria Bilbora arteko bizikleta-bidean sartzeko asmoz. Udalak 3 milioi euro baino zertxobait gehiago jaso ditu Europako funtsetatik, udalerri barruan, inguruko herrietara eta Bilboraino oinez eta bizikletaz joatea sustatzeko.

Amaia Aguirre,Getxoko alkatea pozik agertu da jarduera berriak abian jartzeagatik, "jasangarritasun integratuan oinarritutako hiri eredu baterantz abiatzen jarraitze aldera, klima aldaketari premiazko erantzunak emango dizkiona. Emisio txikiak erraztuko dituzten espazioak ezarriz, deskarbonizazioa bultzatuz, oinezkoentzako guneak areagotuz eta bidegorri sarea hobetuz, hiri gizatiarrago, jasangarriago eta erresilienteago baterantz aurrera egin nahi dugu".

Hiru proiektu

Eduardo Coste

Janire Ociok, Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak, datozen hilabeteetan aurrera eramango diren hiru proiektuen berri eman du. Horrela, uztailean hasiko dira Eduardo Coste kalea Leioako bidegorriagaz lotzeko lanak. Horiek bide horretatik auzoen arteko lotura hobetzeaz gain, Getxo-Bilbo hiriarteko bizikleta-ardatzean sartzeko aukera emango dute. Horrela, udalerrian ezarritako bizikleta elektrikoen Bizkai Bizi zerbitzua edo bizikleta partikularra erabiliz (garraiobide iraunkorra) Bizkaiko hiriburura 15 minututan heldu ahal izango da.

Esku-hartzeak, 315.800 euroko esleipen aurrekontuagaz eta 17 asteko egikaritze epeagaz, Zugatzarteko bidegorriari jarraipena ematea ahalbidetuko du, Eduardo Coste kaletik Leioako udalerriaren mugaraino, Maximo Aguirre kalearekiko elkarguneko biribilgunetik igarota.

Maximo Aguirre

Puntu horretan, aurreikusitako bigarren proiektuagaz bat egingo du "Bulebar berde" batek, Eduardo Coste kalearekiko elkargunetik Santa Ana ermita dagoen plazaraino eta ermitatik Ibaigane kaleraino. Jarduketa horrek jarraipena emango dio Getxon hasitako lanei, erdigunean oinezkoakaz eta txirrindulariakaz lagunkoiagoa izango den gune bat sortzeko helburuagaz, bertan oinezkoak eta trafiko barea plataforma bakar batean elkar bizitzeko; izan ere, oinezkoek lehentasuna izango dute, baina ibilgailuek ere zirkulatu ahal izango dute.

Esku-hartzeak 1.645.363 euroko lizitazio aurrekontua izango du, eta 6 hilabeteko exekuzio-epea aurreikusten da. Urteko azken hiruhilekoan hastea espero da, bi aparkaleku-ilara egingo dira (Eduardo Coste kaletik plazara eta plazatik Ibaiganera arteko tartea), eta zuhaitzak eta berdegunean birjarriko dira.

Kale Nagusiaren bigarren fasea

Europaren finantzazioagaz aurreikusitako hirugarren proiektua, Behe Emisioen eta Deskarbonizazioaren Zonaren partea ere izango dena, Kale Nagusiaren zati bat oinezkoentzat bihurtzeko bigarren fasea izango da. Esku-hartzeak Areetako Etorbidea-Bizkaia Zubia plazatik Santa Ana kalearekiko elkarguneraino doan zatia hartuko du, bertan amaitu baitzen lehen fasea (Santa Ana kalea-Areetako Xake plaza).

978.033 euroko lizitazio aurrekontuagaz eta 5 hilabeteko iraupenagaz, jarduketa hori urteko azken hiruhilekoan hastea aurreikusten da, eta oinezkoentzako irisgarritasun-hesiak kentzea barne hartuko du, bidegorria egiten jarraitzea erraztuz, baita ezkerreko ertzean lineako aparkaleku bat eta eskuineko ertzean bateriako aparkaleku bat mantentzea ere, kalearen hasieran taxiaren geralekuaz eta lineako aparkalekuaz gain.

Hori guztia, elkarregaz egoteko eta oinezkoek lehentasuna izateko plataforma bakar batean, inguruan trafikoa baretuta, hiriko ingurumen kalitatea, garraiobide iraunkorrak eta gure hiri-inguruneetako deskarbonizazio ekintzak hobetzearen aldeko apustua egiten duena. Kalearen erdia oinezkoentzat bihurtzeko lehen fasean ez bezala, bigarren fasearen tarte horretan kale horretatik ibilgailuz zirkulatu ahal izango da plataforma bakarrean.

Hiru jarduketak “in situ” aurkeztuko zaizkie komunikabideei obrak hasten direnean, eta herritarrek planteatzen dituzten zalantzak argitzeko informazio modulu bat izango da (trafikoaren gaineko eraginak, etab.).

2023an Europako funtsakaz amaitutako beste proiektu batzuk

Egiteko dauden proiektu horiei 2023an amaitutakoak gehitu behar zaizkie, Europako funtsetatik jasotako partida beragaz (3 milioi euro). "Proiektu horiek Getxo jarriko dute mugikortasun jasangarriaren, eta pertsonentzat eta joan etorriak oinez eta bizikletaz egiteko hiri-inguru lagunkoiak sortzearen alde egiten duten Europako hiri garrantzitsuen parean", nabarmendu dute uda-arduradunek:

  • Irisgarritasuna hobetzea oinezkoentzako jardueraren, Emisio Baxuen Gunearen eta Aurrezki Kutxa kaleko zati batean, Itzubaltzeta/Romoko Errekagane-Kresaltzu kaleen artean, trafikoa ezabatzearen bitartez (373.290 euro).
  • Irisgarritasuna hobetzea, Algortako Andikoetxe kalean oinezkoei lehentasuna emanez eta trafikoa baretuz (654 euro).
  • Irisgarritasuna hobetzea, oinezkoei lehentasuna emanez eta trafikoa baretuz Miramar eta Neguriko Andres Isasi kaleetan (767,48 euro).

Amaia Aguirre, Getxoko alkatea, prentsaurrekoan pozik agertu da proposatutako lanakaz, “jarduera berriak abian jartzeagatik, jasangarritasun integratuan oinarritutako hiri eredu baterantz abiatzen jarraitze aldera, klima aldaketari premiazko erantzunak emango dizkiona. Emisio txikiak erraztuko dituzten espazioak ezarriz, deskarbonizazioa bultzatuz, oinezkoentzako guneak areagotuz eta bidegorri sarea hobetuz, hiri gizatiarrago, jasangarriago eta erresilienteago baterantz aurrera egin nahi dugu”.

Janire Ociok adierazi duenez, Udalak "denbora darama" lanean emisio txikiko eremuak sortzen: “Algortako, Areetako eta Romoko hiriguneetan oinezkoentzat bihurtzeko jarduerak direla eta, gure kaleak gero eta atseginagoak, seguruagoak eta irisgarriagoak dira. Edo abiadura 30 km/h-ra mugatzearekin trafikoa lasaitzeko neurriarekin ere. Neurri horiek beste ibilgailu-murrizketa batzuekin osatu behar dira erdigunean eta Getxoko errealitatearekin bat egiteko, ibilgailuen kontrola egin dugu hainbat puntutan. Horren osagarri, airearen kalitateari buruzko azterketa bat ere egin dugu. Orain, emaitza horiek guztiak aztertzen ari gara, abiapuntua parametrizatzeko eta emisio txikiko eremuak ezartzeko, eremu optimoak zeintzuk diren zehazteko. Diseinu bat dugunean, jendaurrean jakinaraziko da, herritarren, enpresen eta hiri-mugikortasunean inplikatutako eragile guztien lankidetza funtsezkoa baita hura ezartzeko”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun