Satistegiko mendi-hegaleko beheko eta erdiko eremuei eusteko lanak hasi dituzte

Erredakzioa 2024ko uzt. 8a, 14:12

Lanak hasi dituzten eremua, artxiboko irudian. © GOOGLE MAPS

Algortako Satistegiko mendi-hegaleko erdiko eta beheko eremuak eusteko lanak hasi zituzten joan den astean. Goialdetik Ereagako kairaino jaisten den gunean hasi dituzte beharrak, eta daborduko hainbat zuhaitz moztu dituzte, hala nola akaziak eta bananak. Arduradunek azaldu dutenez, horren helburua da mendi-hegalaren behealdean ainguraketak instalatzea, eta ezponda eta plataforma lagungarri bat egitea erdialdean beste ainguraketa batzuk egiteko.

Lanok 19 asteko iraupena izango dute, eta 592.495 eurotan (BEZa barne) esleitu dituzte. Satistegikoa 12.000 metro koadroko azalera duen eremua da, eta Algortako goialdetik Ereagako kairaino jaisten da. Esku-hartzearen emaitzak kaleko bidearen eta goiko aldeko gainerako egituren gaineko hegalaren segurtasuna eta egonkortasuna hobetuko du.

Printzipioz, arduradunen arabera, obra horiek ez dute ibilgailuen eta zirkulazioan eraginik izango, baina kamioiak obrako eremutik sartu eta irtetean ibilgailuen zirkulazioa motel daiteke. Ereagako kaiko bidegorria bizikleta-trafikorako moztuko da La Ola jatetxearen eta Portu Zaharrera iritsi aurretiko bihurgunearen artean. Beraz, bidegorri hori erabiltzen duten pertsonek ibilgailuakaz partekatu beharko dute zirkulazio bidea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun