La Latxa ireki baino lehenago, lan handia egin zuen Estebanek. Gazta onenak aukeratzeko eta negozio eredua ulertzeko, Frantziara, Asturiasera eta Galiziara bidaiatu zuen. "Asko lagundu dit Bartzelonan dagoen gazta-hornitzaile handi batek ere. Bizitza osoa darama eta jatetxe eta denda askori saltzen die", azaldu du Estebanek, eskertuta.
Urte bat baino gehiago igaro da gaztandegia ireki zuenetik eta onartu du oso pozik dagoela. "Autonomoa izatea abentura bat da eta ziurgabetasun handia sentitzen duzu hil batzuetan. Hala ere, etortzen diren bezeroak oso jatorrak dira eta ondo pasatzen dut lanean", adierazi du.
Mota askotako erosleak ditu, baina, batez ere, 70-80 urteko bezero asko ditu, "beti gauza berdinen bila etortzen direnak". Hala, pertsona bakoitzak "bere gazta" duela azaldu du: "Gaztak txandakatu egiten ditut, baina baditut bizpahiru-edo dendan geratu direnak, batzuek beti eskatzen dizkidatelako".
Halaber, gaztandegia irekitzea otu zitzaion orokorrean jatea eta edatea asko gustuko dituelako: "Gazta asko gustatu izan zait beti, baina La Latxa zabaldu nuen ondo joan zitekeen negozio-eredua iruditzen zitzaidalako".