Nazioarteko Folklore Jaialdia

Munduko kulturak eta tradizioak ezagutzeko zita

Iker Rincon Moreno 2024ko uzt. 15a, 13:31

Hungariako Ilosvai Talde Folklorikoa, Kazakhstango Naz folklore konpainia nazionala eta Getxoko Itxartu Dantza Taldea izango dira 2024ko Nazioarteko Folklore Jaialdiko protagonistak. Aurten, aurreko edizioetan bezala, dantza-emanaldi guztiak Algortako Muxikebarri Antzokian izango dira, 20:00etan.

Getxoko Itxartuko dantzariak izango dira jaialdia irekitzeko ardura izango dutenak, uztailaren 19an. Taldea sortu zenetik, euskal dantzak eta kultura etengabe berritzeko aukera eman dute, dantzari berrien prestakuntzan egiten duten lanari esker.

Hurrengo egunean, uztailaren 20an, Hungariako dantzez gozatzeko aukera egongo da. Nagyidako Ilosvai dantza folklorikoa 1951n sortu zen, eta bere helburu nagusia da Hungariako goi-lurraldeetako dantza folklorikoaren kultura irudikatzea, bai herrialdean, bai atzerrian. Tradizioekiko errespetua da bere jardunaren ezaugarri nagusia.

Azkenik, hilaren 21ean, Kazakhstango Naz folklore konpainia igoko da oholtzara, herrialde erraldoi horren milaka urteko tradizioagaz eta giza balioakaz harmonian dauden kantuak eta musikak gerturatzeko getxoztarrei eta bisitariei. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun