Koartza mutantea Getxon

Juan Luis Mugertza 2024ko uzt. 16a, 12:32

Koartza hauskara mutantea. © JUAN LUIS MUGERTZA

Gauza batzuk behin baino ez dira gertatzen bizitzan. Horixe izan zen, seguru asko, Juan Luis Mugertzak eta Edurne Ugartek pentsatu zutena uztailaren 8an, Getxoko Bolue hezegunean Koartza hauskara (Ardea cinerea) mutantea ikusi zutenean.

Koartza hauskara Ardeidae familiako hegaztia da. Euskal Herriko ia txoko guztietan aurki dezakegu, mendi garaietan izan ezik, eta urmaelak eta ibaiak ditu atsegin. Gainerako koartzek bezala, lepo eta hanka luzeak ditu, eta haren lantza itxurako moko luze puntaduna arpoi baten antzera erabiltzen du arrainak, anfibioak eta bestelakoak harrapatzeko. Baina orduantxe Boluen bi txorizale horiek haien aurrean zeukaten koartza, ohi baino handiagoa izateaz gain, moko nabarmen okerra zuen. "Ze arraio ote da hori?". "Eta moko hori?". "Ezin koartza bat izan!". Hasiera bateko nahasmenaren ostean, eta ezagun aritu batzuei argazkia bidali eta gero, ezbaia nahiko argitu zen. Guztiak bat zetozen: Koartza hauskara mutantea zen. Gertakizun hau oso anekdotikoa da munduan, eta are gehiago Euskal Herrian. Mutazioak ohikoagoak izaten dira ugaztunetan hegaztietan baino, eta hegaztietan maizago izaten omen dira txori txikietan. Edozein modutan, gertakari izugarria izan da ornitologoentzat, aurrekaririk gabea.

Harrez geroztik, askotan itzuli dira Juan Luis eta Edurne leku berera, koartzaren bila, baina alferrik. Egun hartan, pare bat ordu uraren ertzean igaro ostean, alde egin zuen auskalo norako bidean, eta bere hegalada astunak galdera batzuk utzi zituen airean: Non egongo ote da orain? Baten batek ikusiko al zuen eta erreparatuko zion deformidadeari? Eta nola elikatuko da halako mokoa izanda?

Koartza hauskara (Ardea cinerea), deformidaderik gabea. © JUAN LUIS MUGERTZA

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun