Eguazten goizaldean 24 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Algortako jaietan ustez sexu-eraso bat egiteagatik. Era berean, Segurtasun Sailak jakinarazi du beste eraso baten salaketa ikertzen ari direla, baina ez dute kasuen inguruko xehetasun gehiagorik eman.
Gertakizun horiek salatzeko elkarretaratzea egin zuen atzo Algortako Mugimendu Feministak, eta ehunka herritar batu ziren San Nikolas plaza ondoko puntu morean beren gaitzespena adierazteko. Beste behin, jaiak ospatzen diren lekuetara joateak emakumeei dakarkien arriskuaz ohartarazi zuten: "Jai-inguruneak oraindik ez dira emakumeentzako gune seguruak. Baina prest gaude edozein erasori erantzuteko".