Getxoko familia bereko ama eta 17 urteko alaba hil ziren domekan, Tanzanian (Afrika) oporretan zeudela izandako auto-istripu batean. EITB komunikabideak familiaren gertuko iturrien bidez jakindakoaren arabera, ezbeharra Ngorongoroko kontserbazio-eremuan gertatu zen, zihoazen ibilgailua irauli eta 600 metroko altueratik erori zenean.
Gertakizunean aita eta 15 urteko semea ere zauritu ziren. Lehenak hainbat austura ditu hanketan, baina arriskutik kanpo omen dago; aldiz, semeak pronostiko larria du, hainbat saihets baititu apurtuta eta zulatua izan dezakeelako biriketan. Biak Kenyako ospitale batera eramango dituztela iragarri dute.
Istripua domekan izan zen, abuztuaren 4an, Ngorongoroko kontserbazio-eremuan, Tanzaniako iparraldean. EITBk jakinarazi duenaren arabera, Ngorongoroko kraterrera sartzeko mendiko bide batetik zihoazela ibilgailua irauli eta 600 metrotan behera erori zen, gidariak ez omen baitzuen errepide horretan gidatzeko esperientzia nahikorik.
Agintarien adierazpenak
Amaia Aguirre Getxoko alkatea atsekabetuta agertu da eta hil diren ama-alaben familiari bere doluminik sentituenak adierazi dizkio. Une mingarri hauetan, Aguirrek familiaren intimitatea errespetatzeko ere eskatu du.
Halaber, Espainiako Gobernuko Atzerri Ministerioak jakinarazi du herrialde afrikarreko enbaxada kudeaketa guztiak egiten ari dela biktimei laguntza emateko.