Irailaren 11tik 15era

Getxo Folk jaialdiak egitarau oparoa prestatu du bere 40. urtemuga ospatzeko

Erredakzioa 2024ko abu. 23a, 10:43

Miladoiro taldea, artxiboko irudian. GETXOKO KULTUR ETXEA

Irailaren 11tik 15era bitartean, folk doinuak protagonista izango dira udalerrian. Izan ere, tarte horretan, Getxo Folk jaialdia izango da, zeinak 40 urte bete dituen. Ibilbide hori ospatzeko, nazioarteko artistak bilduko dira, hala nola Buika abeslaria, baita Espainiako Estatuko folkaren izen nabarmenak ere, eskarmentu handiko Milladoiro galiziar talde beteranoa kasu. Halaber, aurten primiziako ikuskizun bat izango da eta, horretan, euskal artista eta talde ezberdinek jaialdia omenduko dute bere urteurrenean. Sarrerak daborduko eros daitezke, ohiko salmenta-puntuetan.

 

Guztira, 13 izango dira Getxo Folk jaialdiak hartuko dituen emanaldiak, eta, iaz bezala, hiru kokapenetan izango dira agertokiak. Hala, Muxikebarrik ordainpeko kontzertuak hartuko ditu, 20:00etan, artista nagusien eskutik; Areetako Xakeplazan goizeko (13:00) eta arrastiko (18:00 eta 19:30) emanaldiez gozatzeko aukera izango da; eta, azkenik, Ereagako hondartza izango da gazteentzako emanaldien eszenatokia barikuan eta zapatuan, gaueko 22:00etatik aurrera.

Ordainpeko emanaldiak

Abonu-kontzertuetako hitzordu handienetako bat Buika (1972, Palma de Mallorca) abeslari ekuatoginear-espainiarraren eskutik izango da. Abeslaria, konpositorea eta olerkaria, mundu osoan goraipatu dute bere ahots hunkigarriagatik, bere musika estilo atipikoagatik eta bere letren hausnarketa inspiratzaileengatik. Grammy latino bat irabazi du, eta, besteak beste, Carlos Santana, Path Metheny, Seal edo Chavela Vargas bezalako artistakaz kolaboratu duela; azken urteotan ospe handia lortu du Operación Triunfo talentu-saioaren epaimahaikide izateagatik.

Jaialdia irailaren 12an irekiko du Milladoirok, Santiago de Compostelan sortutako talde sarituak, joan den mendeko 70eko hamarkadaren amaieratik Galiziako tradizioaren soinuak mundu osoan zehar eraman dituenak. Getxora 45. urteurreneko biran barrena datoz, seikotea osatuz, publikoari bere arrakasta handiak biltzen dituen errepertorioa eskaintzeko.

Irailaren 15ean, Getxo Folk-en 40 urteko ibilbidea ospatzeko, okasiorako prestatutako Getxo Folk 40 izeneko ikuskizuna izango da. Kultur Etxeak Juantxo Zeberio musikari eta konposatzaile ezagunari eskatu dio urteurrenerako euskal folkaren iragana, oraina eta geroa aitzakia hartuta ikuskizun berezi bat osatzeko. Ikuskizun horretan Maddi Oihenart, Olaia Intziarte, Agus Barandiaran (Korrontzi), Juan Mari Beltran, Leturia, eta Verde Prato artista eta taldeak batuko dira, besteak beste, azken lau hamarkadetako euskal musikaren bilakaera islatzeko.

Esne Beltza eta Rodrigo Cuevas, Ereagan

Irailaren 14an, zapatuan, Esne Beltza talde hernaniarra arituko da Ereagako hondartzan. Banda gipuzkoarrak propioa garatu du bere ibilbidean zehar, doinu-estilo anitzeko fusioa eta mestizajea eratzen, esaterako rock, euskal folk, hip-hop, reggae eta flamenkoaz baliatuta. Esne bidea azken diskoa besapean dutela iritsiko dira Getxora. Lan horren bitartez agur esango diete agertokiei, ‘Agur deneri’ izeneko azken bira egingo dutela iragarri eta gero.

Irailaren 13ko Ereagako kontzertua, aldiz, Rodrigo Cuevasek eskainiko du, Estatuko sona handiko musikariak.

Ines Bermejo artista getxoztarraren kartela

Aurtengo Getxoko jaialdi handi guztietako kartelak bertako artistek sortu dituzte. Folk jaialdiaren kasuan, Ines Bermejo (Getxo, 1986) izan da aurtengo kartelaren egilea. Bermejo Arte Ederretan lizentziatua eta Arte Eszenikoetan eta Ikusizko Kulturan masterduna da. Arteari eta kulturari lotutako ekitaldi eta lehiaketen komisariotzan, zuzendaritzan, antolakuntzan eta produkzioan egiten du lan. Bere proposamenak aurtengo Folk jaialdiaren urteurren ospakizuna azpimarratu gura izan du, jaialdiaren aniztasuna eta kulturartekotasuna agerian utziz.

Sarreren salmenta

Getxo Folkeko sarreren eta abonuen salmenta uztailaren 22an hasi zen Kultur Etxeko ohiko saltokietan (Muxikebarri eta Romo Kultur Etxea), baita Kutxabanken sarearen bidez ere.

Egitarau osoa, hemen.

Ikuskizunetarako hamaika sarrera ere zozkatuko ditu HIRUKAk, zeinetan parte hartu gura duzu?

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun