Joan den abuztuaren amaieran, atxilotutako gizona sare sozial baten bidez harremanetan jarri zen biktimagaz, ikasturtean zehar eskola partikular batzuk adosteko. Bi aldeek Getxon jarri zuten hitzordua, neska gazteak non lan egingo zuten ezagut zezan eta eskolen inguruko xehetasunak finka zitzaten.
Adostutako lekura iritsitakoan, gizonak garajerantz eraman zuen neska, igogailua ondo ez zebilelako aitzakiagaz, eta, behean zeudela, itxitako garaje-partzela batean indarrez sartzen saiatu zen. Adingabeak gizonari aurre egin zion, eta ihes egitea lortu zuen. Oinezko batzuei laguntza eskatu, eta SOS Deiak 112 Larrialdi Zerbitzuari deitu zioten.
Bertaratutako ertzainek biktima artatu zuten, eta, atzo goizean, Getxoko Udaltzaingoagaz koordinatuta, susmagarriaren ibilgailua aurkitu eta gizona atxilotu zuten, ustezko mehatxu-delituaren eta legez kontrako atxiloketa-delituaren akusaziopean.
Atxilotua epailearen esku utzi dute.