10. Hitzaren Dantza kale jaialdia

Hitzak dantzan jarriko dituzte irailaren 22an Algortako kaleetan

Ander Zarraga 2024ko ira. 5a, 10:17

Kalejiraren ostean egingo dute herri-bazkarian izena emateko epea hilaren 18an itxiko dute. © JOSEBA SANTXO

Algortako kaleak eta plazak doinuz eta kolorez beteko dituzte Hitzaren Dantza ekimenaren 10. jaialdian. Egun horretan, euskara ardatz hartuta, bertsoak, euskal kantak eta dantzak izango dira protagonistak goizetik iluntzera egingo duten ospakizunean.

Zazpi Jauzi kalejira jendetsua 11:00etan abiatuko dute Basarrate parketik, eta Algotako kaleetan zehar joango dira Txilibita fanfarrearen musikak lagunduta. Ibilbide horretan, zazpi gunetan geldituko dira Paule Loizaga, Patxi Iriarte eta Maddi Ane Txoperenaren bertsoak entzuteko. Beraiekaz batera, Josu Zaratek gidatutako Erandioko kantaguneak ere abestuko du eta zenbait plazetan Altza taldeko txalapartariak ere izango dira.

Bi eratara parte hartu daiteke ekimenean: dantza-, kantu edo musika-talde moduan aldez aurretik ALBEko antolatzaileakaz adostuz, eta gura izanez gero, elkartearen logoa sartzen da kartel zein esku-orrietan. Bestela, banakako eran ere edonor animatu daiteke egun horretan egingo duten kalejiran parte hartzen, abesten eta kantatzen.

Kalejira San Nikolas plazan amaituko dute 15:00etan, pilotalekuan denek batera herri-bazkaria egiteko. Edonork eman dezake izena horretan, aldez aurretik ALBEko telefonora (605 704 385) edo emailera (albegetxo@gmail.com) idatzita. Bazkariaren prezioa 20 eurokoa izango da eta izena emateko epea irailaren 18an itxiko dute.

Bazkalondoan, denek batera abestuko dute eta bertsolariek ere saioa eskainiko dute. Ostean, 18:00etan, Luhartz taldearen erromeria izango da 20:30ak arte.

ALBEko antolatzaileek parte-hartzaileei eskatuko dieten bakarra izango da "egun horretan euskal hitza dantzatzeko, hau da, euskaraz egiteko, nork bere mailan eta eran, euskal kulturaren adierazpen eder hau benetan euskal izan dadin". Horrez gain parte-hartzaileei dantzariz, arrantzalez, baserritarrez... edo gura duten janzkeragaz bertaratzeko gonbidapena ere egin diete.

Egitaraua:

  • 11:00 Basarrate parkea (bertsoak, Arabako kantak eta dantzak).
  • 11:30 Villamonte (bertsoak, Lapurdiko kantak eta dantzak).
  • 12:00 Alangobarri (bertsoak, Nafarroa Garaiko kantak eta dantzak).
  • 12:30 Satistegi (bertsoak, Zuberoako kantak eta dantzak).
  • 13:00 Tellagorri (bertsoak, Bizkaiko kantak eta dantzak).
  • 13:30 Portu Zaharra (bertsoak, Gipuzkoako kantak eta dantzak).
  • 14:00 Telletxe (bertsoak, Nafarroa Behereko kantak eta dantzak).

Gune guztietan eskuorriak banatuko ditutze kantatuko diren abestien hitzakaz eta ibilbidean zehar, Hitzaren Dantzako zapi bereziak salduko dituzten euro biko prezioan.

May be an image of testua

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun