Komikiaren erdigune bihurtuko da beste urte batez Getxo, irailaren 27tik 29ra

Iker Rincon Moreno 2024ko ira. 6a, 13:18

Bederatzigarren artearen zaleek gehien espero duten ekitaldiaren edizio berri bat hartuko du Getxok irailaren 27tik 29ra. Komiki Azoka aurten ere zaleakaz izango da, besteak beste, liburu-denden, establezimendu espezializatuen, argitaletxeen, fanzineen eta sektoreko profesionalen eskaintza komertzialaren eskutik, 40 salmenta-postuetan egongo baitira. Horrez gain, askotariko jarduerak egongo hiru egunetan, hala nola berbaldiak, artistakaz topaketak, mahai-inguruak eta egileen sinatze-txandak. Oraingo honetan, merkataritza-gunea Areetako Xake plazan eta horren ondoan dagoen Ibaiondo kalean egongo da; ekintzak, aldiz, Romo Kultur Etxean. Ohi bezala, sarrera doakoa izango da.

Binetako profesionalei eskaini ohi zaien omenaldia ez da faltako eta oraingoan Laura Perez Vernetti eta Iñaketen ibilbidea sarituko dituzte antolatzaileek. Komikiaren eta ilustrazioaren munduan ibilbide luzea egin du Perez Vernettik (Bartzelona, 1958). 80ko hamarkadan abiatu zen komikigintzan, "El Víbora" aldizkariko orrialdeetan. Bertan, hamarkada batez argitaratu zituen bere irudiak. Bere lanak forma estetiko eta narratibo berriak bilatzen dituen estilo apurtzailea du, eta literaturako eta poesia unibertsaleko egile handiak komikira egokitzera zuzenduta dago batez ere (Dostoyevski, Hawthorne, Kazka, Aristoteles, R. L. Stevenson, Rilke, Pessoa...). Bere ibilbide profesionalean Onliyu, Joseph Marie Lo Duca, Carlos Sampayo eta Antonio Altarriba eta Felipe Hernandez Cava Espainiako Komiki Sari Nazionalagaz kolaboratu du. Bartzelonako Nazioarteko Komiki Azokako Sari Nagusia jaso zuen (2018), baita beste hainbat sari jaso ere. Orain arteko bere azken lana El designio da, Javier Perez Andujar gidoilariagaz lankidetzan.

Bestalde, Iñaket (Bilbo, 1965) euskal sortzaile ezagunenetako bat da, eta 1986an egin zituen komikigintzan lehen urratsak, "Habe Komik" aldizkariaren eskutik. Komikigintzaren alderdi hori telesailetarako eta film luzeetarako ilustrazioagaz eta animazioagaz uztartu du. Hainbat urtez, Javier Mariscalek Bartzelonan Twipsy seriean eta Colors antzezlanean egin zuen lan profesionala. The Tokis haurrentzako liburuaren egilea da, baita Mikel Begoñak gidatutako hainbat lanen egilea ere: Tristísima Ceniza, El pico de los cuervos, Ötzi, Hélice eta 3 casas en Santa Monica.

Halaber, 24 emakume artisten lanak biltzen dituen erakusketa bat ere izango du Komiki Azokak, fikzioaren funtsezko pertsonaia den sorgina omentzeko. "Bruixes-Sorginak-Brujas: Akelarre ilustratua" izenaz, erakusketak Raquel Alzate, Higinia Garay, Genie Espinosa, Sandra Uve eta Susanna Martín ilustratzaileen lanak hartuko ditu, besteak beste.

Artista gonbidatuak eta kartela

Aipatutako artistez gain, Jaime Martín, Carla Berrocal, Cristina Duran, Aneke, Sole Otero, Gabriel Hernandez Walta, Pedro Camello, Miguel Angel Giner Bou eta Alex Orbe izango dira aretoan. Azken hori da, hain zuzen ere, aurtengo kartelaren egilea, eta jarraipena ematen dio 2024an Getxo Kulturak bertako artistek jaialdiei eta azokei irudia emateko abian jarri duen ekimenari.

Alex Orbe getxoztarrak komikiak, haurrentzako liburuak eta testuliburuak ilustratzen ditu, eta HIRUKAn hainbatetan kolaboratu du, Gabonetako aldizkari berezietako ipuinak ilustratuz eta hainbat portada eginez; era berean, publizitatearen eta animazioaren alorrean lan egiten du.

Maite zaitut, Nadia, Labarreko itsasargia, Hiru sopranoak eta Erraldoiek ez dute lagunik jaten dira ilustratu dituen liburuetako batzuk. Belgikako merkaturako La nouvelle guerre des Boutons argitaratu du, baita Les aventures du Bourlingueur serieko bi album ere: Au fil du Napo eta Les bargues du Congo.

Komikiaren esparruan, besteak beste, Jarraitu Inurriari (Unai Elorriaga idazlearen gidoiarekin) lana nabarmentzen da. Borja Crespok idatzitako Unamuno: El hombre y la razón lanaren marrazkiak ere sinatu ditu, eta "Xabiroi "eta "El Balanzín" aldizkarietan kolaboratu du.

Egitaraua ikusteko, sakatu hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun