Getxoko Munduko Arrozak jai herrikoi eta parte hartzailea da. Horren bidez, kulturartekotasuna sustatu eta Getxoko pertsonen, taldeen eta eragile sozialen arteko interrelazioa landu gura dute, batez ere beste herrialdeetatik heldu diren lagunak kontuan izanik. "Egun itzela espero dugu. Mundu guztiarentzako lekua dagoen jai honen arrakastaren gakoak aniztasunean eta giro onean datza, jarrera bortitz, xenofobo, sexista edota homofoborik ez dugu onartuko bertan", azpimarratzen dute antolatzaileek.
Aurten, hilaren 29an, domekan, ospatuko dute jaia, Algortako San Nikolas plazan. Izena emateko taldeka egin behar da, irailaren 15a baino lehen. Talde bakoitzak 5 euro jarri beharko ditu, eta taldeko pertsona bakoitzak euro bat; hau da, 15 laguneko taldea izanik, horrek 20 euro jarri beharko luke. Talde bakoitzari amantala oparituko zaiola jakinarazi dute antolatzaileek.
Egitaraua
Arrozak & Musika" zikloa
- Irailak 6, barikua
- 21:00 Taghufi band (amazigh doinuak & basamortuko bluesak). Azebarrin, Euskal Herria 14, Algorta.
- Irailak 15, domeka
- 20:00 Pertxel. Bentan, Aingeru etorbidea 49, Getxo.
- Irailak 21, zapatua
- 19:00 Assmer band. Abian kulturgunean, Bidebarri 2, Algorta.
Munduko Arrozak jaia
- Irailak 29, domeka
- 09:00 Mahai eta aulkien banaketa.
- 11:00 Dantza-kalejira aldarrikatzailea San Nikolas plazatik hasita.
- 12:00 Eragileen azoka & Irratsaioa. Elkar ezagutzeko dinamikak: hizkuntzen eta kulturen eskolak ***, kulturartekotasun ginkana irekia, te-postua, murala: zer da zuretzat getxo inlusiboa?, Daniela Huber artistaren erakusketa #extiendeunamano #eskualuzatu.
- 14:00 Epaimahairako arrozen aurkezpena ***.
- 14:30 Bazkaria ***, arroz solidarioa dastatzeko aukera.
- 15:30 Sari-banaketa.
- 16:15 Mahaiak eta aulkiak batu.
- 16:30 Kontzertua: La tokokera & dj Saugga.
- 19:00 Amaiera.
*** Ekintza hauetan izena eman behar da aldez aurretik
Dani Gutierrez Saria
Aurten, Dani Gutierrez Saria sortu dute antolatzaileen artean, eta horren bidez, kulturartekotasuna, aniztasuna, elkarbizitza, justizia soziala eta parte hartzea babestu, sustatu edo hedatzeko egitekoetan nabarmendu diren erakunde, elkarte edo pertsonei errekonozimendua egin gura diete. Saria jaiaren egunean bertan banatuko dute.
Balio horien sustapenean "lan luze eta handia" egin duten pertsona edo instituzioa saritu gura dute eta, saria emateko, honakoak kontuan hartu dituzte: saritutako lan edo jardueraren kalitatea eta esanahia, eta aipatutako 5 balioak sustatzearen alde egindako ekarpena. "Halaber, saria ematerakoan oso gogoan izango dugu pertsona edo elkartearen orain arteko ibilbidea eta jarraitasuna".