VII. Euskal Pentatloiaren kanporaketa jokatu zuten joan den zapatuan, hilaren 7an, Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen plazan. Guztira, 12 kirolari lehiatu ziren: Beñat Amade (Algorta), Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a (Aia, Gipuzkoa), Xabier Zaldua (Zumarraga, Gipuzkoa), Xabat Olaizola (Zarautz), Ioritz Gisasola (Mallabia, Bizkaia), Aritz Irazabal (Ugao, Bizkaia), Julen Kañamares (Aroztegi, Nafarroa), Ander Altuna (Astigarraga, Gipuzkoa), Beñat Telleria (Lasarte-Oria, Gipuzkoa), Daniel España (Valsain, Espainia), Jon Bengoetxea (Oiartzun, Gipuzkoa) eta Iker Goldarazena (Berriozar, Nafarroa).
Horien guztien artean, Aiakoa izan zen faborito nagusia, eta aurreikuspen guztiak bete zituen, baita berak iaz ezarritako marka hautsi ere: 11 minutu eta zazpi segundo behar izan ditu lanak amaitzeko, bere marka 41 segundoan hobetuta.
Parte hartzaileek hurrengo probak gainditu behar izan zituzten pentatloian: 100 kiloko bola hamar aldiz altxatu; jarraian, 400 kiloko harriagaz plaza bat osatu; aizkoran, kanaerdiko bat eta 45 ontzako beste bat ebaki; 50 kiloko txingakaz hiru plaza osatu; eta azkenik, kilometro bat egin korrika. Lan horiek azkarren amaitu dituzten sei kirolari sailkatu dira irailaren 21ean Azpeitiko zezen plazan jokatuko duten finalerako.
Beñat Amade algortarra zazpigarren gelditu zen sailkapenean, seigarrenetik 44 segundora. "Sei lehenengoek sekulako markak egin dituzte aurten. Nire kasuan, fisikoki ondo nengoen, aizkoran asko hobetuta, baina, tamalez, ezin izan naiz finalerako sailkatu. Aurten maila handia egon da", adierazi du Amadek.
Sailkapena:
- Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a: 11:07
- Ioritz Gisasola: 11:59
- Xabat Olaizola: 12:42
- Aritz Irazabal: 12:55
- Xabier Zaldua: 13:19
- Beñat Telleria: 13:35
- Beñat Amade: 14:19
- Julen Kañamares: 14:36
- Ander Altuna: 15:18
- Jon Bengoetxea: 18:19
- Iker Goldarazena: 18:39
- Daniel España: 22:54
Hartara, honako sei kirolari hauek igaro da irailaren 21eko final handira: Izeta VI.a, Gisasola, Olaizola, Irazabal, Zaldua eta Telleria.