Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak migratzaileentzako bide seguruak eta benetako harrera-politikak exijitu ditu

Ander Zarraga 2024ko ira. 16a, 13:02

Dozenaka herritarrek bat egin zuten Ongi Etorri Errefuxiatuak urtero Ereagako hondartzan egiten duen elkartasun deialdiagaz. © GETXOKO EH BILDU

Domekan, hilaren 15ean, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak aldarrikapen eszenikoa egin zuen Getxoko Ereaga hondartzan. Horretan, iragaitzazko egoeran dauden pertsonentzat bide legal eta seguruak eskatu zituzten eta beraien eskubideak errespetatu daitezela aldarrikatu zuten.

Beste behin, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak manifestazioa egin zuen atzo, domekan, Ereaga hondartzan, migratzaileentzako legezko bide seguruak eta harrera-lurraldeetan dituzten eskubideak errespetatu daitezen exijitzeko. "Europara iritsi nahi dutenen hilobi bihurtu den itsasoari begira", salatu dute gerrak, esplotazioa, gosetea eta muturreko pobrezia eragiten dituzten politikak direla migrazioen arrazoi nagusiak, eta egungo migrazio-eredua bizitzaren aurkakotzat jo dute.

Horregaz batera, erakundeen indarkeria arrazista eta migratzaileek jasaten dituzten gehiegikeriak ere kritikatu zituzten, baita eskuin muturrak eta zenbait gobernuk sustatutako diskurtso xenofoboak arbuiatu ere: "Pertsonak estigmatizatzen baitituzte beren jatorriagatik edo larruazalaren koloreagatik, eta elkartasuna zigortzen dute, adibidez, itsas salbamenduko itsasontzien lana eragotziz, Aita Mariren kasu".

Hainbat herritar batu zituen ekitaldian plataformak benetako harrera-politikak ere eskatu zituen, besteak beste, Atzerritarrei buruzko Legea ezabatzea eta Migrazio eta Asilorako Europako Ituna indargabetzea. Udal-erroldarako sarbidea udalerrietan bizi diren pertsona guztiei bermatzeko ere eskatu zuten; izan ere, erroldarik gabe, osasun-arreta, hezkuntza eta oinarrizko gizarte-prestazioak bezalako eskubide asko eskuraezin geratzen dira.

Bukatzeko, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak tokiko gobernuei, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu zieten neurri zehatzak har ditzatela hiriak bizikidetzaren eta inklusioaren benetako eredu izan daitezen, inor kalean gera ez dadin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun