Getxoko euskaltegietan izena eman daiteke daborduko, hainbat berritasunakaz

Erredakzioa 2024ko ira. 17a, 10:25

Lauaxeta AEK euskaltegiko hainbat ikasle, artxiboko irudian.

Urtero legez, ikasturte berriari hasiera emateko, udalerriko euskaltegietan matrikulatzeko kanpaina abiatu dute Getxon, horretarako epea zabalik dagoen bitartean. Getxoko Udalak, herriko euskaltegien eta Egizu elkartearen laguntzagaz, antolatutako "Matrikulatu Getxoko euskaltegietan!" lelopeko difusio kanpainan adin guztientzako egungo eskaintza zabalaren berri ematen ari dira. 

Aurten, A1 titulua ateratzeko ikastaroak deskontu bereziak izango ditu,  ahalik eta jende gehiagorengan interesa pizteko eta erraztasunak emateko. Horri lotuta,  Getxoko Etorkinak Plataforma Federazioagaz lortutako akordio bati esker, kideek abantailaren berri jasoko dute whatsappen bidez, eta Udalak irailaren 29an ospatuko den Munduko Arrozak ekimenean mahai bat jarriko du informazioa zabaltzeko.   

Bestalde, 16 urtetik gorakoek aukera handia izango dute udal, Lauaxeta AEK eta Jose Antonio Agirre ta Lekube euskaltegietan, maila guztietako aurrez aurreko ohiko ikastaroakaz batera, honako hauek ere izango dira: modulu txikiak, tituluak ateratzeko prestakuntza (zapatuetan ere), autoikaskuntza, eta mintzatzeko klaseak. Aurrekoetan bezala, dendarientzako eta ostalarientzako ikastaroak ere egongo dira aukeran, eta etorkinentzat eta seme-alabakaz euskaraz egin gura duten gurasoentzat ere.

Gainera, 5 eta 15 urte bitartekoek matrikula egin ahal izango dute Algortako Inguma Umeen Euskaltegian eta Areetako Euskaltegian. 

Bestalde, Egizu elkarteak hainbat jarduera jarriko ditu abian, klaseetan ikasitakoa praktikan jarri ahal izateko, horien artean, Berbalaguna, euskaraz berba egiteko taldeen ekimena. 

Diru-laguntzak

Udalak euskara ikasteko diru-laguntzak emango ditu 16 urtera artekoentzat zein 16 urtetik gorakoentzat. Azken horientzat  HABEk (http://www.habe.euskadi.eus) ere ematen ditu, ezarritako baldintzak betetzen dituztenentzat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun