Iñigo Urkitza Turismoko zinegotziak adierazi duenez, "proiektu honen bidez, espero dugu ostatuek sortutako berotegi-efektuko gasen emisioei buruzko diagnostiko zehatza lortzea, eta horri esker, establezimenduetako arduradunek kudeaketa energetikoa, baliabideen kontsumoa eta hondakinak hobetzeko arloak identifikatu ahal izango dituzte. Gainera, haren aztarna ekologikoa arintzen lagunduko duten praktika jasangarriagoak ezartzeko tresnak eta gomendioak emango dira".
Karbono-aztarnaren kalkulua
Prozesua asistentzia indibidual eta guztiz pertsonalizatuaren bidez egingo da. Hasteko, jarduerari, energia-kontsumoari, okupazioari, langileei eta abarri buruzko informazioa bilduko dute, eta, ondoren, datu guztiak Eusko Jaurlaritzaren IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren karbono-aztarnaren kalkulagailuan irauliko dituzte. Azken urteko datuak aztertu ondoren, emaitzak txosten batean islatuko dira eta aztarna murrizteko ekintza-plana egingo dute.
Udal-iturriek zehaztu dutenez, karbono-aztarna kalkulatzea "funtsezko urratsa" da Getxoko ostatuek iraunkortasunarekiko konpromisoa indartzeko eta ingurumenaz jabetzen diren turisten gero eta eskaera handiagoari erantzuteko. "Proiektu honen bidez, ingurumen-emaitzak hobetzeaz gain, Getxok turismo-helmuga arduratsu gisa duen irudia ere indartuko da".
Iñigo Urkitzaren hitzetan, "ahalegin hori kokatzen da Getxok garapen iraunkorra sustatzeko eta tokiko eta mundu mailako klimaren helburuak lortzen laguntzeko duen estrategia globalean. Ingurumen-inpaktua murriztean, ostatuek esperientzia turistiko ekologikoagoak eskaini ahal izango dituzte, inguruneari zein tokiko ekonomiari mesede eginez".