ELA sindikatuak ohartarazi duenez, Alangoko anbulatorioan ez da pediatria-zerbitzurik egon joan den maiatzaren 24tik, eta hala jakinarazi zion Osakidetzari. Horren inguruan galdetuta, Uribeko ESIko arduradunek azaldu dute bost hilabeteko gabezia hori Osakidetzako EPEko esleipenen "ondorio" izan dela, profesional ugari lekuz aldatu baitziren. Zehazki, Alangoko arrastiko txandan zegoen pediatra lekuz aldatu zuten eta, Algortako osasun-zentro hori esleitu zitzaion profesionala ez zen lanpostuan hasi, "kontziliaziorako eskubidea erabilita".
Geroztik, ez dira gutxi izan kexatu diren familiak eta profesionalak, eta horretaz ohartarazi du, besteak beste, ELA sindikatuak. Hala ere, Uribe ESIko arduradunek azpimarratu gura izan dute haien ardura izan dela Getxoko herritarrei pediatriako osasun arreta hori berriro eskaintzea: "Izan ere, Osakidetzak eta Uribe ESIak baliabideen azterketa zehatza eta jarraitua egiten du egunero, Familia Mediku eta Pediatren falta, hainbat arrazoiengatik (oporrak, gaixotasunak,…), arintzeko".