#0KM - Berton bertokoa

Ibon Markaida: "Ez dago presiorik egiten dugunarekiko, bakoitzak erritmo ezberdinak ditu"

Nahia Martinez Gondra 2024ko urr. 9a, 16:46

Algortako Telletxe 15ean kokatzen da Sekula Estudio.

Algortako Sekula Estudioko ateak beti daude artezale eta kuriosoentzako parez pare irekita, herritar guztiei sartzeko gonbita eginez. 2022an ireki zuen negozioa Ibon Markaidak, diseinu grafikoa ikastaro artistikoakaz uztartzeko ideiatik tiraka. “Sekula Estudio denda-tailer bat da. Adin guztiei zuzendutako sormen ikastaroak eman eta nik egindako produktuak ere saltzen ditut, baita beste marka batzuenak ere. Horrez gainera, neurrira egindako ospakizunak, diseinu enkarguak eta tailerrak ere egiten ditut. Sekula Estudiok hori guztia barnebiltzen du”, azaldu du.

Urri honetan, Telletxe 15ean kokatzen den lokal berria zabaldu du eta berritasun nagusia dendaren gunea dela baieztatu du Markaidak: “Orain arte, nire produktuak Internet bidez saltzen nituen. Kokapen berri honi esker jendea dendara sartzen da, begirada bat bota, galderak egin eta karteltxoak eramaten ditu”. Hala, argi du lokal berriak ikusgarritasuna eman diola, aurrekoa 5. pisu batean zegoelako eta horrek bezeroen sarbidea zailtzen zuelako. 

© IBON MARKAIDA

“Emakumea da negozio hau martxan mantentzen duena: % 95a emakumeak dira", baieztatu du. Batez ere errepikatzen den profila denbora librea beste era batean igaro gura duten pertsonak direla zehaztu du, "independenteak direnak; ez zaie bakarrik etortzea inporta”. Alabaina, gizonak gutxi dira. “Nahiz eta estereotipora jo, etortzen diren gizonek alde sentsiblea garatuta dute. Beste gizon profil klase bat ez da berariaz hona etortzen. Ez dut ulertzen zergatik, hau ere euren gunea izan daitekeelako”, hausnartu du, ahoz gora.

© IBON MARKAIDA

Hala, Sekula “gune polit eta goxo” gisa definitu du. “Nire bezeroekiko harremana zaintzen dut, leku seguru bat da gizatalde ezberdinentzako eta ez dago presiorik egiten dugunarekiko, bakoitzak erritmo ezberdinak ditu”. Hala, baieztatu du oso pozik eta hunkituta dagoela etapa honegaz, oso gustura dagoelako jendeak emandako erantzunagaz. “Erronka bat da jendea beste plan batzuetatik hona bideratzea, hau ez delako kirola, ez ostalaritza, ez horrelako beste aisi mota bat. Jendeak frogatzen duenean ulertzen du bere balioa, baina askotan kostatzen da”.

Horregatik, azpimarratu du jendearen erantzun eta babesik gabe negozioak ezingo duela aurrera jarraitu nahiz eta berak bere “% 200a eman”. “Udalerri honetako alokairuek badituzte zailtasun zehatz batzuk, eta jendeak ez baditu horrelako negozioak balioan jartzen, desagertzen joango dira. Kale honetako denda batek laster itxiko du, esaterako”. Hala ere, ilusio osoz baieztatu du Algortan jarraitu gura duela Sekula Estudiogaz "urte luze asko".

© IBON MARKAIDA

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun