Hezkuntzako gastu orokorretarako laguntzak eskatzeko epea ireki dute Getxon

Erredakzioa 2024ko urr. 10a, 13:31

Azaroaren 11ra bitartean, Getxoko familiek eskabideak aurkeztu ahal izango dituzte, Udalak aurreikusitako laguntzak eskuratzeko, neurri batean, 2024-2025 ikasturtean eskolatutako seme-alaben Hezkuntzako gastu orokorrak ordaintzeko, Haur Hezkuntzako bigarren ziklotik (hiru urte) DBHra (barne). Aurten 157.500 euro bideratuko ditu Udalak diru-laguntza horietarako. Familia bakoitzeko gehieneko laguntza 400 eurokoa izango da.

Mihaela Jilavu Hezkuntza zinegotziak laguntza horien garrantzia azpimarratu du, "familientzako laguntza ekonomikoa direlako. Baliabide ekonomikorik ez izateak ez du oztopo izan behar hezkuntza bezalako oinarrizko zerbait eskuratzeko orduan. Horrelako neurriek indartu egiten dute Udalak familia guztien arteko berdintasuna sustatzeko duen zeregina, hezkuntzari balioa emanez".

Eskabideak, ahal dela, Bulego Elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira, www.getxo.eus orrian. Ezinezkoa den kasuetan, Herritarren Arretarako Bulegoetan entregatu ahal izango da.

Baldintzak

Onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  1. Familia-unitateko pertsona guztiek Getxoko udalerrian erroldatuta egon beharko dute etenik gabe 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera.
  2. Familia-unitateko pertsona guztiek helbide berean erroldatuta egon beharko dute.
  3. Bigarren zikloko Haur Hezkuntzatik (hiru urte) DBHko mailara bitarteko seme-alabak izan beharko dituzte eskolatuta.
  4. Beren seme-alaben eskolatze egokia bermatzeko konpromisoa adierazi beharko dute, eta, horretarako, irakasleek, ikastetxeetako organoek eta hezkuntza-administrazioek egiten dizkieten eskakizunak bete beharko dituzte.
  5. Familia-unitateko kide guztiek egunean izan beharko dituzte Getxoko Udalarekiko, Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak.
  6. Ez dute baliabide ekonomiko nahikorik izango. Familia-unitatearen urteko guztizko diru-sarrera gordinak, 2023an, ezin izango dira 60.480 eurotik gorakoak izan (2023. urteko Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren zenbatekoa 1.080 € hileko). Gehienezko muga hori familia-unitateko kide-kopuruaren arabera haztatuko da.

Familia-unitateko kide-kopurua

Diru-sarreren gehieneko muga

2

63.663 €

3

67.200 €

4

71.153 €

5

75.600 €

≥ 6

80.640 €

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun